141 lagunek eman dute izena eskulan ikastaroetan

2020/10/29
Lauhilabeteko bi txanda antolatuta guztiek parte hartu ahal izango dute

  Udaleko web atarian arratsaldean argitaratuko dira ikastaro txanda bakoitzean arituko diren herritarren zerrendak. Kultur etxeko atarian ere ikusgai jarri dira. Pasa den astean izena eman zuten guztien artean zozketa egin da eta batzuk azarotik otsailera eta beste batzuk otsailetik maiatzera osatu ahal izango dituzte hautatutako ikastaroak. Aforoa bereziki mugatu dela kontuan hartuta eta interesa zuten guztiei leku egite aldera, ikastaroak bi txandatan ematea erabaki da. Ondorioz, talde bakoitzaren ordu kopurua erdira jaitsiko da eta ordaindu beharreko matrikula ere erdira murriztuko da. Hala egingo da harizko lanak eta pintura ikastaroetan. Ez ordea eskulan dekoratiboak ikastaroan; zeuden plazak ez dira bete eta izena eman duten 15 herritarrek ikasturte osoa osatu ahal izango dute.

  Haur eta gaztetxoei zuzendutako pintura ikastaroak izan du arrakastarik gehien aurten ere. 6 eta 15 urte bitarteko 72 lagunek eman dute izena eta zortzi taldetan banatu dira. Helduei zuzendutako pintura ikastaroetan 13 lagunek eman dute izena eta hari edo orratz lanak ikastaroan berriz, 41ek. Izena ematerakoan kontu korrontea jakinarazi behar izan zuten partaide guztiek. Datozen egunetan egingo da ikastaroen kargua. Txanda bakarrean arituko direnei matrikula erdia kobratuko zaie, esan bezala, eskulan dekoratiboak ikasiko dituztenei matrikula osoa.

  Lehen txandan arituko direnek datorren astean ekingo diete ikastaroei, beti ere, bakoitzak aukeratutako egun eta ordutan.
Bigarren txandan arituko direnei aurrerago adieraziko zaie ikastaroak noiz hasiko dituzten.

Iturria: Oñati Irratia

2020-2021 ikasturterako antolatutako ikastaroak