14.418 euroko ekarpena egingo dio Udalak UEMAri, urteko kuota kontzeptuan

2021/03/18
Aldi berean, 3.604 euro itzuliko dizkio Mankomunitateak, 2019ko gerakin moduan

  Pasa den abenduaren 12an UEMAren Batzar Nagusia egin zen Lesakan. Bertan, besteak beste, 2019ko aurrekontuaren gerakinaren zati bat udalei itzultzea erabaki zen eta 2021eko aurrekontua onartuta, horri aurre egiteko  udalen ekarpen kuotak zehaztu ziren.

  2019ko gerakinaren zati bat jaso ahal izateko bi baldintza bete behar  dituzte UEMAko kideek: 2020ko urtarrilaren 1ean Udalerrri Euskadunen Mankomunitateko kide izatea eta 2021eko urtarrilaren 15ean UEMArekin zorrik ez izatea. Oñatik bi baldintza horiek betetzen dituenez 3.604 euro jasoko ditu Mankomunitatetik.

  Aurtengo aurrekontua betetzeko berriz, UEMAko udalerri bakoitzak duen biztanle kopuruaren araberako ekarpena egiten du. Oñati 8.001-12.000 biztanle artean dituzten  herrien multzoan sartzen da eta ondorioz, 4.418euro ordaintzea dagokio aurten. Kuota iazkoaren parekoa da. Kuota lau zatitan ordainduko da, hiruhileko bakoitzaren azken eguna baino lehen. Tokiko gobernu batzarrak aipatu kuota ordaintzea erabaki berri du beraz, laster egingo da urteko ekarpenari dagokion lehen zatiaren ordainketa.

  Oñatiko udalak 2012ko apirilean erabaki zuen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko eskaera bideratzea eta ekainean onartu zen, Batzar Nagusian. Oñati UEMAko kide dela bederatzi urte beteko dira laster. Oraindik indarrean dauden hiru helburu finkatu zituen orduan Udalak: euskara ohiturazko hizkuntza bihurtzea Oñatiko bizitza sozialaren alor guztietan; herritarrekin harreman zuzena duten esparruetan eragitea, hara nola, osasun arloan, epaitegietan edota enpresatan; eta gure eremu geografikoan eragitea, euskararen arnasguneak zabaldu daitezen. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak berriz, trebakuntza, aholkularitza eta zerbitzu teknikoa eskaintzen die udalei eta herritarrei.  

Iturria: Oñati Irratia