Oñatiko udala

Prozesu parte-hartzailearen ondorio nagusiak

Dokumentu honetan jaso dira Oñatiko Emakumion Etxiaren eraikuntza prozesu parte-hartzailean jasotako ondorio nagusiak. Azken bi urteetan hartu ditugun erabakiak jaso dira dokumentu honetan, jakitun izanik hasierako planteamendu bat dela eta, beraz, proiektuan eta denboran zehar egokitzen joan beharko direla. Ezarritako irizpide edo ardatzak sendoak diren arren, etengabeko errebisioan egongo dira, bai parte-hartze prozesuan bai eta etxearen bizitzan zehar ere, unean uneko gogoetak txertatu eta hautemandako beharrei erantzuteko asmoz. Izan ere, etxearen bizitzan zehar emango dugun urrats bakoitza ikasketa eta errebisiorako aprobetxatzea ere izango da gure ibilbidearen erronketako bat. Emakumeen etxearen funtzionamendu eta dinamikak bilatzen du instituzioen zurruntasunetik ihes egin eta egiteko modu berriak probatzea, eta horretarako baimena ematen dio bere buruari. Beraz, dokumentu hau eta honek ekar lezakeen lanketa guztia egiteko modu berri horien bilaketaren esku uzten da. Baimena ematen diogu gure buruari probatzeko, huts egiteko eta hutsegiteetatik ikasteko.