Oñatiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) idazteko prozesua abian da.
Plan Orokorra hiri antolamendurako dokumentu estrategikoa da. Plan Orokorrean arautzen denetik abiatuta idazten dira Plan Orokorra baino maila txikiagokoak diren hirigintzako bestelako arauak.
Plan Orokorra idatzi eta onartzeko prozesu luzea da, gutxienez hiruzpalau urtekoa. Bidean, hainbat fase garatu behar dira, udalerriaz gaindiko administrazioetatik datozen baldintza ugari bere baitan integratu, hainbat agiri idatzi eta araututakoa planoetan jaso. Horrez gain, prozedura administratibo konkretu bat jarraitu behar da.
Denbora tarte horretan, bere egunean erabakitakoa aztertu, beti ere momentuko testuinguruan jarriz, gaur egungo egoera ebaluatu eta etorkizunerako garapena zehazten dira, herrigunea eta udalerriko beste lurralde eremuak kontuan hartuz.
Laburrean esanda, Plan Orokorrak udalerri baten hirigintza garapenerako helburu, asmoak eta estrategiak ezartzen ditu. Plan Orokorreko edukiak araututa daude.
Plan Orokorraren bitartez hainbat aspektu zehazten dira, besteak beste:
Lurzoruaren sailkapena egiten da: hiri-lurzorua (jada eraldatuta dagoena edo modu errazean eraldatu daitezkeenak), lurzoru urbanizagarria (hiri lurzorura modu errazean barneratu ezin daitezkeen lurrak) eta lurzoru urbanizaezina (landa eremua eta ingurune naturalak).
Lurzoruaren erabilerak finkatzen dira: etxebizitzetarako lurrak, jarduera ekonomikoetarako lurrak, azpiegiturentzakoak, etab.
Lurzoru-mota bakoitzak duen eraikigarritasuna, hau da, zenbait eraiki daitekeen, zehazten da.
Lurzoru-mota bakoitzerako erregimena erabakitzen da.
Beharrezko azpiegitura eta ekipamenduak nahiz horietarako lurzoru erreserbak zehazten dira.
Funtsean, zer, non eta zenbat egin daitekeen arautzen du Plan Orokorrak.
Hauek dira Planaren ezaugarrietako batzuk:
Lurraldean eragina duten bestelako edozein planekin bezala, Plan Orokorraren kasuan bertan zehazten denak ingurumenean eragin ditzazkeen inpaktuak identifikatu eta ebaluatu behar dira. Horretarako legeak zehazten duen prozedura jarraitu behar da.
Horrez gain, hizkuntza eragina ere aztertuko da, horretarako berariaz sortu duten metodologia erabilita. Emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatu beharko dira.
Bestetik, genero ikuspegia hartuko da kontuan, emakume eta gizonezkoen arteko benetako berdintasunaren lorpenean positiboki eragiteko.
Azkenik, prozesuan herritarren ezagutza, bizipenak, iritziak eta proposamenak aintzat hartuta landuko dira.