PARTE HARTZEAREN HELBURUAK

 

Plan Orokorraren idazketa prozesuan herritarren parte hartzea barneratzea ezinbestekotzat jotzen du Oñatiko udalak.

Ahalik eta partaidetza kalitatezkoena ahalbidetzeko hainbat parte-hartze bide eskainiko dira idazketa prozesuak irauten duen bitartean. Aurrez aurreko bideak izango dira ugarienak, baina Oñatiko udalaren webgunearen bitartez ere parte hartu ahal izango da. Aurrerantzean, izango duzue Berri gehiago hortaz.

Lehen ere aipatu da Plan Orokorraren idazketa denboran luzatuko den prozesua izango dela, baina hasierako momentuetan, oraintxe, funtsezkoa da ahalik eta lagun gehienok parte hartzea, etorkizuneko Oñati udalerria nolakoa nahi dugun 0tik pentsatzen hasteko. Hala, parte hartzeak toki nabarmena izango du Aurrerakin dokumentua landu bitartean, fase horietan oraindik egokitzapenak egiteko aukera egoten baita.

Aurreragoko faseetan erabaki garrantzitsuenak hartuta egoten dira, eta zailagoa izaten da dokumentuan sakoneko aldaketak egitea.

Udalak gogoz animatzen ditu herritarrak Oñati denon artean irudikatzera!

 

Udal Plangintzako Aholku Kontseilua

Partaidetzarako bideez gain, Lurzoruaren legearen aginduz, 7.000 biztanletik gorako udalerrietan Udal Plangintzarako Aholku Kontseilua deritzona osatu behar da.

Oñatiko Udal Plangintzako Aholku Kontseilukideen izendapena 2016 urtean berriztu zen. Bertan parte hartzen dute udaleko talde politikoen ordezkariek eta herriko elkarte, talde eta koletibo ugarien ordezkariek ere.

Udalak, Plan Orokorra onartu aurretik, Kontseilu honen aurrean azaldu behar du, iritzia eman dezan. Horregatik, idazketa prozesuko une gakoetan, Aholku Kontseiluko bilerak egingo dira, edukiak eztabaidatu eta ekarpenak jasotzeko.

Hasierako faseetan, Aholku Kontseiluko kide diren elkarte edo taldeak herritarrentzat orokorrean antolatutako saio edo espazioetan parte hartzera gonbidatzen ditu Udalak.