Txantxia, Oñatiko moneta soziala

"Elkarri lagunduz" proiektua 2017ko ekainaren 30ean amaituko da

Txantxia, Oñatiko moneta soziala, zirkulaziotik erretiratu egingo du udalak

I

Txantxia-info
Dirua-bileteak
  • Nondik sortzen da Txantxia?

Udalak, herriko merkatariekin eta Ikertalde enpresarekin batera, Oñatiko Merkataritza Biziberritzeko Plana egin zuen iaz. Bertan, besteak beste, tokiko moneta bat sortzeko aukera jarri zen mahai gainean, oñatiarren gastu-ihesa mugatzeko helburuarekin.
Udala Txandarekin eta herriko merkatariekin bildu zen eta proiektua aurrera ateratzeko mahai tekniko bat osatu zen. Beste herri batzuetan martxan dauden moneta sozialen esperientziak aztertu ondoren, Oñatirako eredua prestatu dute.

  • Zer lortu nahi da?

Kontsumoa fidelizatzea eta herritarren gastu-ihesa mugatzea lortu nahi da. Horretarako, ‘Txantxi’ak erosten dituzten herritarrei onura komertzial batzuk aplikatuko zaizkie.
Bestalde, Udalak injekzio edo ekarpen inportantea egingo dio sistemari. Aurrerantzean Txantxi-tan ordainduko ditu urtean zehar ematen dituen sariak, eta arrazoi ezberdinengatik (familia ugariak, autokonposta...) aplikatzen dituen hobariak. Gainera, proiektua abian jartzeko, udaletxeko langileek Txantxitan jasoko dute soldataren zati bat (%1,5) eta, beraz, ekimen honetara atxikitako saltokietan gastatu beharko dute.

  • Ze ezaugarri izango ditu Txantxiak?

Udalak sortuko du moneta, eta bera arduratuko da funtzionamendua kudeatzeaz. Truke-bulego bat egokituko du, Txantxiak erosi edota eurotara trukatu ahal izateko. ‘EURO 1 = TXAnTXI 1’. Horixe izango da baliokidetasuna edo kanbio-tasa, Txantxiekin egindako erosketetan.
Bilete-paperan inprimatuko dira Txantxiak; 10, 50 zentimo, eta 1, 5, 10 eta 20 euroko bileteak egongo dira.
Moneta txikiagoko kanbioak eman behar direnean, euro-zentimotan eman ahal izango ditu merkatariak.
Edozein herritarrek erosi ahal izango ditu Txantxiak. Erosketa bakoitzean gutxieneko kopurua 20€koa izango da, eta gehienez 500 €-ko erosketa egin ahal izango du erabiltzaile bakoitzak hiruhileko.

  • Zein abantaila eskaintzen ditu?

Txantxiak eskuratu edo erosten dituzten herritarrek %5eko saria jasoko dute; adibidez, 100 euroren truke 105 Txantxi eskuratuko dituzte.
Horrez gain, proiektura atxikitako establezimenduek tokiko moneta erabiltzeagatik aplikatu ditzaketen deskontu osagarri eta eskaintza bereziez baliatzeko aukera izango dute erabiltzaileek.
Merkatari eta ostalariei, bezero berriak erakarri eta emaitzak hobetzeko aukera eskainiko die.
Enpresei, herriarekiko eta bere langileekiko duten gizarte konpromisoa ikusgarri egiteko aukera.

  • Iraungitze data izango du Txantxiak

Monetaren zirkulazio handiagoa sustatzeko neurri gisa, Txantxiek iraungitze edo kaduzidade-data izango dute, billetearen atzealdean adieraziko dena.
Urtean lau iraungitze data ezarriko dira; hiruhileko bakoitzeko bat. Epe hori amaitu ostean erabiltzaileak ez baditu bere Txantxiak erabili, iraungitze-data berritu edo eguneratu egin beharko du truke-bulegoan, eta horrek penalizazio txiki bat izango du: billetearen balioaren %3koa. Modu horretan batutako dirua gizarte fondora bideratuko da.
Merkatariek 15 egun gehiago izango dute billeteen iraungitze-data eguneratzeko.

  • Txantxiak euroekin trukatzea

Proiektuan parte hartzen duten establezimenduek nahi duten unean aldatu ahal izango dituzte Txantxiak Euroen truke.
Truke-salmenta horretan, Txantxiek duten balore globalaren %3ko ‘tasa’ edo ‘deskontua’ aplikatuko zaie merkatariei, erabiltzaileei ematen zaien hobaria (%5) konpentsatzeko mekanismo gisa.
Erabiltzaile edo kontsumitzaileek ezingo dituzte beraien Txantxiak euroekin trukatu, proiektua indarrean den bitartean; beraz, gastatu egin beharko dituzte erositako Txantxiak.

  • Segurtasuna, bermea eta konpromisoak

Zirkulazioan jarriko diren Txantxiek segurtasun gailuak izango dituzte. Txantxi/euroak erosi/saltzen direnean hartze-agiri baten bi kopia dokumentatuko dira.
Proiektu honek jarraipena izatea aurreikusten bada ere, urtebeteko frogaldia egingo da. Parte hartzen duten merkatariek urtebeterako konpromisoa sinatu behar dute. Proiektura atxikitzen diren establezimenduen zerrenda publikoa izango da eta bereizgarri baten bidez identifikatuko dira.