Zirkulazioari eta herri barruko bideen erabilerei buruzko udal ordenantza jende agirian dago, iradokizun eta erreklamazioetarako

2023/03/23
Card image cap
Otsaileko Osoko Bilkuran hasierako onespena eman zitzaion

  Udalerriko bideen zirkulazio eta erabilera jasotzen duen ordenantza egokitu eta indarrean dauden lege eta arauetara eguneratu da. Azken urte hauetan aldaketa nabariak izan dira herri barruko zirkulazioan, aparkalekuetan eta motordun ibilgailuetan. Erabilpen berri horietarako eguneratu da zirkulazio ordenantza eta indarrean sartu aurretik, jendaurrean jarri da, erreklamazioak edo iradokizunak aurkeztu ahal izateko.

  TAO aparkatze sistema, hainbat kale oinezkoentzako gorde eta arratsaldez trafikorako ixtea, oztopo fisikorik gabe baina baimendutako ibilgailuentzat soilik diren kaleren trafiko-ordenazioa, oinezkoen lehentasuna markatu eta segurtasuna bermatuz bizikleta eta patineteen erabilera edo azkenaldian ugaritzen ari diren patinete elektrikoen erabilera dira, besteak beste, zirkulazio ordenantzan jaso diren berrikuntzetako batzuk. Ordenantza non eta nola aplikatuko den, arau-hausteak nola zigortuko diren eta horretarako eskumena duten organoak ere zehazten dira ordenantza berrian. Dokumentua, osorik, udaletxeko bulego nagusietan edo udal web atarian ikusgai dago eta 30 lan eguneko epea dago, aztertu eta erreklamazioak edo iradokizunak aurkezteko. Maiatzaren 9an amaitzen da epea.

  Udalbatzak aho batez eta hasierako izaeraz onartu zuen zirkulazioari eta herri barruko bideen erabilerari buruzko udal ordenantza hau otsaileko Osoko Bilkuran. Maiatzaren 9ra arte epean erreklamaziorik edo iradokizunik aurkezten ez bada, dokumentua behin betiko izaeraz onartuta geratuko da, udalbatzak halako erabakirik hartu beharrik izan gabe.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!