Zine klub denboraldia datorren astean hasiko da

2021/09/28
Card image cap
Film guztiak jatorrizko bertsioan emango dira

  Urriko zine karteldegia gertu dago eta ohikoa denez zine klub denboraldiari ekingo zaio. Bi film estatubatuar, frantziar bat eta palestinar produkzio bat programatu dira urrirako. Guztiak zinemaldi eta jaialdi ezberdinetan saritu eta goraipatutako filmak dira, eta gurean, jatorrizko bertsioan, azpitituluz lagunduta pantailaratuko dira. Aipagarria da, bide batez, ostiraletako emanaldi komertzialak ere azpitituluz lagundutako jatorrizko bertsioan eskainiko direla aste honetatik aurrera. Udaleko kultura departamentuak hartu du erabakia, herriko hainbat zinemazaleren eskaerari jarraituz. Proba moduan hasiko dira ostiraletan jatorrizko bertsioan emanez astebururako iragarrita dagoen filma eta esperientziak zein harrera duen ikusi eta baloratuko da. Zine klubeko emanaldiak bai, jatorrizko bertsioan eman ohi dira aspalditik gurean eta halaxe jarraituko den 2021-2022 denboraldi honetan ere.

  Lehen filma urriaren 7a emango da: FIRST COW. Pelikulan Kelly Reichardt zuzendariak western filmeen kodeak iraultzen ditu. Berlingo zinemaldian iaz lehiatu zen eta New Yorkeko kritikoen saria dauka, besteak beste. Urriaren 28an ere film estatubatuarra programatu da zine klubean: Summer of soul. 1969an New Yorken egin zen Harlemeko kultur jaialdian grabatutako irudiez osatu den dokumental hau Sundanceko zinemaldian saritu zuten dokumental onena eta ikuslearen sariarekin. Urriaren 14an berriz, Les choses qu'on dit, les choses qu'on fait film frantziarra pantailaratuko da. Emmanuel Mouret-ek zuzendutako drama erromantiko honek 13 izendapen izan zituen Cesar sarietarako eta emakume aktore sekundarioaren saria eskuratu zuen. Baina jatorri exotikoena duen filma urriaren 21erako programatu dute zine klub taldekoek, GAZA MON AMOUR pelikula palestinarra pantailaratu baita. Torontoko zinemaldian Asiako film onenaren saria jaso zuen eta Valladoliden gidoi onena eta zilarrezko galburua.

  Aipatu lau filmak zine klub emanaldirako programatu dira baina asteburuetako kartelera komertzialean amaitu berri den Donostiako zinemaldiak proiektatutako beste hainbat film ikusi ahal izango dira: urriko bigarren asteburuan esaterako, Irizar saria jaso berri duen Maixabel pantailaratuko da; hurrengo asteburuan Cannesen lehiatu ondoren Perlak sailean ikusi ahal izan zen Benedetta programatu da eta urriaren 22ko asteburuan berriz, Veneziako zinemaldia ireki eta aktore onenaren saria eskuratuta Donostian aurkeztu zen Madres paralelas filma.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!