Oñatiko udala

Zabalik dago HAZILAN proiektuaren 11. edizioan izena emateko epea

2021/09/13
Card image cap
Gazte kualifikatuen laneratzea erraztea helburu du Mankomunitatearen egitasmoak

  Proiektuaren 11. edizioa urriaren 14 hasiko da. Izena emateko epea irailaren 24ra arte zabalik egongo da eta eskabide orriak Debagoienako Mankomunitateko web atariaren bidez edota Arrasateko egoitzatik pasata eskuragarri daude. HAZILAN proiektua unibertsitate ikasketak edo goi mailako heziketa zikloa duten, baina ikasketa esparru horretan lan esperientzia txikia edo batere ez duten, 20 eta 44 urte bitarteko debagoiendarrei zuzenduta dago. Helburua, kualifikatutako pertsona hauen laneratzea erraztea da, beti ere, formatutako esparru horiekin harremana duten enpresa eta proiektutan.

  Programak bi fase ditu: zeharkako konpetentzietan prestakuntza eta praktikak eskualdeko enpresetan. Partaideen gaitasunak identifikatu eta indartzen laguntzeko tailer teoriko-praktikoak 80 orduko iraupena du eta ondoren, lan esperientzia hartu eta enplegurako sarbidea errazteko praktikak egingo dira Debagoieneko enpresaren batean.

  Proiektuaren berri eman eta zalantzak argitzeko aurkezpen jardunaldia egingo da ostegunean, hilaren 16an. On-line bidezko bi saio antolatu dira, 9:00tan lehena eta 10:00tan bigarrena. Parte hartzeko izena eman behar da telefono zenbaki honetara deituta: 943 793 399.

  HAZILAN egitasmoa, Debagoieneko 20-44 urte bitarteko kualifikatuei zuzenduta dago, goi-mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta izan baina egindako ikasketekin lotutako lan esperientzia esanguratsurik ez dutenei zuzenduta dago. Langabezian egotea ez da ezinbesteko baldintza izango, baina lehentasuna bai, langabeek izango dute.

  HAZILAN proiektua Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak % 50ean finantzatzen du. Debagoieneko 150 pertsona baino gehiagok parte hartu dute jadanik, gazte kualifikatuak laneratzeko proiektu honetan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!