XIV. erakusleiho lehiaketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago

Azken osoko bilkuran onartu eta gero, zabalik dago eskaparate lehiaketan parte hartzeko izen-ematea. Udaleko web atarian jada aktibatu da aukera, izen-ematea internet bidez egin behar baitute merkatariek. Herritarren saria aukeratzeko bozka ere telematikoki bakarrik eman ahal izango da, iaz bezala. Covid-19aren eraginez lehiaketaren oinarriak pitin bat egokitu ziren 2020an eta aurten beste horrenbeste egitea erabaki da. Horregatik, sari banaketa ekitaldia noiz eta nola egingo den gerora zehaztuko da, unean uneko prebentzio neurrien arabera eginez. Iaz, gogoratu, sarituei banaka eta bakoitzaren denda atarian eman zitzaiela saria.
Urriaren 28ko osoko bilkuran onartu ziren XIV. erakusleiho lehiaketari dagozkion oinarriak eta merkatariei bidaliko zaizkien gonbidapen gutunak prestatzen ari dira. Datorren astean igorriko zaizkie, parte hartzeko baldintzak gogoraraziz. Parte hartu nahi duten dendariek azaroaren 30a arteko epea dute izena emateko. Gutunetan QR kode bat txertatuko da eta hori eskaneatuta bete beharko dute izen-emate fitxa. Behin izena emanda, erakusleihoak, abenduaren 7rako apainduta, muntatuta, egon beharko dira eta halaxe mantenduko dira abenduaren 31ra arte, gutxienez. Erakusleihoetan, noski, denda edo zerbitzuaren ohiko produktuak jarri beharko dira.
Erakusleihoen balorazioa egiterakoan, konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna bereziki kontutan hartuko ditu epai-mahaiak. Aditu talde horrek hiru sari banatuko ditu, 500, 300 eta 200 eurokoak, hurrenez hurren. Herritarren saria ere izango da eta oñatiarren boto gehien biltzen dituen dendak 500 euro eskuratuko ditu. Botoa emanez parte hartzen duten herritarren artean, berriz, 200 euroko saria zozkatuko da.
Iazko lehiaketan 21 dendek parte hartu zuten eta Andrea Azkoaga interioristak eskuratu zuen sari nagusia. Kimu-Urtxin loradendak herritarren saria eta bigarrena eraman zituen eta Barue interiorismok hirugarrena.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!