Oñatiko udala

Uztailaren 12ko hauteskundeetarako hautesle zerrendak udaletxean ikusgai daude datorren astelehenera arte

2020/05/25
Card image cap
Posta bidezko bozka eskatzeko epea zabalik dago

  Martxoaren 1eko dataz osatu den hautesleen erroldan, 1.788.602 lagun zerrendatu dira. 2016an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan baino ia 10.000 lagun gehiago. Baina aipatu hautesle zerrenda behin behinekoa da, datuak oker eta guztiz eguneratu gabe egon daitezkeelako. Horregatik komeni da hautesle errolda ikusi eta egiaztatzea, bereziki, azken hilabeteotan 18 urte bete badira edo helbidez aldatu bada, izan herri barruan edo beste herri batetik Oñatira etorrita. Aurreko hauteskundeetan identifikazio arazoren bat izan dutenei ere, aipatu zerrendako datuak egiaztatzea gomendatzen zaie.

  Hautesle zerrendak kontsultatzeko HAZ bulegora joan behar da, aurrez hitzordua eskatuta. Nortasun agiriarekin, pasaportearekin edo gida baimenarekin joan behar da. Astebeteko epea dago horretarako, gaurtik ekainaren 1a arte. Kontsulta horrekin botoa emateko eskubidea dutenek beraien datuak egiaztatuko dituzte. Izen abizenak eta helbidea ondo dauden ikusi eta hala ez bada zuzenketa eskatu ahal izango dute, HAZ zerbitzuan bertan.

  Uztailaren 12an bozka zuzenean, dagokien hauteskunde mahaian ematerik ez dutenek, posta bidezko botoa eskatu dezakete jada. Tramitea, estatuko edozein posta bulegotan egin daiteke uztailaren 2ra bitartean. Atzerrian daudenek dagokien kontsulatuan egin beharko dute eskaera. Braille sistema bidezko botoa eskatzeko epea ere zabalik dago, ekainaren 15era arte. Segurtasun saileko telefonora, 012 zenbakira deitu behar da eskaera egiteko.

  Gaur argitaratu dira bestalde, hauteskundeetako atal, leku eta mahai kopurua. Aurrez, kokaleku bakoitzaren egoeraz galdetu da, osasun  eta segurtasun aldetik areto zabalak ote diren eta sarrera-irteeretan ere nahikoa leku ote duten. Oñatin, ez da aldaketarik eta kiroldegiko kantxa urdinean, Santa Marinako eskoletan, Txiki Txokon eta Olakuako dorretxean kokatuko dira 15 hauteskunde mahaiak. Eta mahai horietan egon beharko duten herritarrak izendatzeko zozketa berriz, ekainaren 17an egingo da udaletxean. Zozketa horretarako erabiliko den zerrenda, gaurtik aurrera ikusi eta zuzenduko den hautesle errolda izango da.

  Bigarren aldia da XII. Legealdian Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 kideak aukeratzeko hauteskundeak deitzen direla. Lehena apirilaren 5erako egin zen baina Covid-19ak eraginda prozesua bertan behera utzi behar izan zen. Ordurako jada hainbat tramite beteta zeuden baina orain berriro zerotik hasi eta prozesu guztia berritu behar izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!