Oñatiko udala

Usakoko bainu denboraldia larunbatean hasiko da, irailaren 12ra arte

2021/06/07
Card image cap
Urpekariak bihar etorriko dira putzua garbitzera

  Iazko kontingentzia plana indarrean izango da aurten ere Usakon, erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko. Sorosle bat izango da arratsaldero 15:00tatik 21:00tara eta errefortzurako beste bat 15.30tatik 20:30tara, gainera, zaintzaile bat ere kontratatuko da Covid protokoloa betetzen dela ziurtatzeko eta inguruan kartelak jarriko dira talde txikitan egon eta distantziak gordetzeko aholkuekin. Gaixotasunak hortxe jarraitzen baitu eta ez kutsatzeko, norberaren burua babestu eta zaintzea da neurririk eraginkorrena.

  Bihar goizean bertan etorriko dira bestalde, Buceo Euskadi elkarteko urpekariak Usakoko putzua garbitzera. Arriskutsuak izan daitezken elementuak atera ohi dituzte uretatik, zuhaitz adarrak edo burdinazko elementuak, baina putzua zikintzen duten beste zenbait ere bai, zapatilak, bainujantziak, arropa hondakinak eta abar. Uraren kalitateaz eta tenperaturaz ere argibideak eman ohi dituzte urpekariek.

  Eta bitartean udal langileak inguruko zelaia eta ekipamenduak errebisatu eta prestatzen jarraitzen dute: belarra moztu, soroslearen kabina garbitu eta ur hornidura sarea puntuan jartzen. Udaltzainak ere hasi dira inguruak zaintzen eta pasa den aste hasieran lehen isunak jarri zituztela jakinarazi digu udaltzain buruak, bide bazterretan aparkatutako autoak zigortzen. Gogoratu debekatuta dagoela bai Olateko errepide-bazterrean baita Zuazolako zubian ere aparkatzea, inguruetan dauden kartelek eta zoruko marrek adierazten duten bezala. Asteazkenean hesiak jarriko dituzte eta larunbatetik aurrera inguruaren zaintza lana areagotuko dute udaltzainek. Baina bizikletaz joan ohi direnei gogoratu nahi zaie aurreko urteetan hainbat lapurreta salatu direla, eta soroslea dagoen arren, norbera dela bere ondasunak, bizikleta barne, zaintzearen arduradun.

  Herribusa Usakora iritsi dadin tramiteak ere betetzen ari dira eta, guztiz ziurtatu gabe dagoen arren, litekeena da, datorren astetik aurrera, arratsaldez birritan, Herribusa Usakoraino iristea.

  Usakoko bainu denboraldi ofizialak hiru hilabete iraungo ditu: ekainaren 12tik irailaren 12ra. Baina Usako ez da udan freskatzeko izango dugun gune bakarra: Zubikoako igerilekua zabalik dago eta solarium-a eta berdegunea egun gutxi barru irekitzea aurreikusten da eta Larrañako ur-uhinen parkea ere eskola oporrak hasten direnerako ireki asmo da. Aurrez, ur txorroten zaintza zerbitzua nola egin lotu behar da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!