Usako eta ur txorroetako bainu denboraldia larunbatean hasiko da, irailaren 11ra arte

2022/06/06
Card image cap
Aparteko aforo muga eta neurririk gabe hasiko da

  Aurreko bi urteetako kontingentzia planik gabe, pandemia aurreko zaintza neurriak indarrean direla hasiko da Usakon eta Eltziako ur uhinak parkean bainu denboraldia, larunbatean. Denboraldia hiru hilabetez luzatuko da, ekainaren 11tik irailaren 11ra.

  Sorosleak larunbatean itzuliko dira Usakora erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko. Sorosle bat izango da arratsaldero 15:00tatik 21:00tara eta errefortzurako beste bat 16:00tatik 20:00tara, abuztuko erdiko bi asteetan izan ezik. Eltzia aurrealdeko ur txorrotak berriz, 11:00tatik 21:00ak arte erabilgarri egongo dira egunero. Ur uhinak parkean ez da azken bi urteetan izan den zaintzaile-harreragilerek izango. Beraz, haurren guraso edo zaintzaileak izango dira neska-mutikoen arduradun bakarrak. Bi guneak prestatzen aritu dira azken asteotan, belarra moztu, soroslearen kabina garbitu, ur hornidura sarea puntuan jarri eta erabilera eta bestelako ohartarazpen kartelak jartzen, besteak beste. Eltzia aurrealdeko ur parkean berriz, komuna jarriko da, ohikoa denez. Azken xehetasunak besterik ez dira falta bainu guneak ofizialki zabaltzeko, larunbatean.

  Ostiralean etorri ziren Buceo Euskadi elkarteko urpekariak Usakoko putzua garbitzera. Zuhaitzetako adarrak eta kristal handi bat atera zituzten, tamaina txikiko beste hondakin batzuekin batera. Amuarrainak eta tamaina dezenteko karramarroak ikusi zituzten, uraren kalitate onaren seinale.

  Udaltzainak ere hasi dira inguruak zaintzen eta lehen isunak jartzen, udaltzainburuak adirazi digunez. Gogoratu debekatuta dagoela bai Olateko errepide-bazterrean baita Zuazolako zubian ere aparkatzea, inguruetan dauden kartelek eta zoruko marrek adierazten duten bezala. Astean hesiak jarriko dituzte zubian eta errepide ondoko zelaia aparkaleku gisa irekiko da larunbatean. Bizikletaz doazenei ere kontuz ibili eta zaindu dezaten gogorarazten zaie. Bizikleta ez baina sakeleko telefonoren bat lapurtu izanaren salaketa egin baita jada. Usakon soroslea dagoen arren, norbera da bere ondasunak zaintzearen arduradun, bai poltsa, arropa edota bizikletak.

  Herribusa astelehenean hasiko da Usakora joaten. 16:00tan eta 19:30tan Ugarkaldetik irteten diren autobusak Usakoraino iritsiko dira. Ekainaren 13tik uztailaren 31ra arte eta abuztuaren 22tik irailaren 10era arte izango da zerbitzu berezi hau, beti ere astelehenetik ostiralera. Tartean, abuztuko lehen hiru asteetan Herribusaren zerbitzua goizera murriztuko da, urtero bezala, eta ondorioz, Usakorako zerbitzu-luzapena ez da eskainiko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!