Usako eta ur txorroetako bainu denboraldia ekainaren 10ean hasiko da

2023/06/01
Card image cap
Usakoko uraren kalitatea bereziki zainduko da, analisiak astero eginda

  Hiru hilabetez luzatuko da bainu denboraldia Usakon eta Ur uhinak parkean, ekainaren 10etik irilaren 10era. Baina errekako uraren zaintza, lehenago, astelehenean egiten hasiko dira. Izan ere, E-coli bakterioaren metaketa handiak antzeman ziren iazko bainu denboraldian zehar eta bainua debekatu behar izan zen hainbat egunetan. Usakoko uraren kalitatearen jarraipen berezia egingo da aurten eta uraren analisiak astero egingo dira, ekainaren 5ean hasita. Bainua hartu ondoren dutxa hartzea gomendatzen du Udalak.

  Usakoko putzua garbitu da. Buceo Euskadi elkarteko urpekariak pasa den asteazkenean egon ziren eta zuhaitz adarrak eta hondakin txikiak atera zituzten uretatik. Tamaina dezenteko amuarrainak baina aurreko urteetan baino karramarro gutxiago.ikusi zituztela esan zuten. Inguruak ere prestatzen hasi dira, belarra moztu, soroslearen kabina garbitu edota ur hornidura sarea puntuan jartzen.

  Beste horrenbeste egiten ari dira Eltzia aurrealdeko ur parkean ere; komuna jarri da eta antzeman zen ur ihesa konpontzen ari dira. Ekainaren 10erako dena gertu egotea da helburua, bainu denboraldiari hasiera emateko. Eltzia aurrealdeko ur txorrotak egunero erabili ahal izango dira, 11:00etatik 21:00etara. Usakoko sorosle zerbitzua berriz, 15:00etatik 21:00etara beteko da eta 16:00etatik 20:00etara bi sorosle egongo dira.

  Udaltzainek Usako inguruko errepidea bereziki zainduko dute, errepide-bazterrean eta Zuazolako zubian aparkatu ez dadin. Zañartun, aparkaleku moduan egokitzen den belardia prest egongo da ekainaren 10erako. Eta Herribusa Usakoraino iritsi dadin tramiteak martxan dira baita ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!