Oñatiko udala

UEMAko herrietan osasun zerbitzu publikoetako bost langiletik batek ez du dagokion euskara maila egiaztatu

2021/06/14
Card image cap
UEMAko ordezkariak Legebiltzarreko Osasun Batzordean, pasa den astean
Oñatin ere hala gertatzen da

  UEMAk bi urtean behin egin ohi du bazkide dituen udalerrietako biztanleei zuzendutako osasun zerbitzuen behaketa; UEMAko kide diren 90 udalerrietako osasun zerbitzu publikoetan diharduten langileen datuak jaso eta aztertzen ditu, erabiltzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak zenbateraino bermatzen diren neurtuz. Ikerketa berri horren arabera egoera apenas aldatu den 2018tik eta osasun zerbitzu publikoetako bost langiletatik batek ez du egiaztatu dagokion euskara maila, ezta Oñatin ere.

  UEMAk argitaratu berri duen txostenean ikus daitekeenez Oñatiko Osasun zentroan 24 langile daude, administrariak, erizainak, erizain laguntzaileak, emagina, pediatrak eta familia medikuak kontuan hartuta. 24 horietatik lauk ez dute egiaztatu postuari dagokion hizkuntza eskakizuna, bi, familia medikuak dira eta beste bi, administrariak. Aipagarria da hori bai, anbulatorioko gainontzeko 20 langilek dagokien maila agiri bidez egiaztatuta dutela eta 14k gainera, eskatutakoa baino hizkuntza eskakizun altuagoa dutela, eta horietako bi pediatrak direla. Garrantzitsua da puntu hau  Oñatin pediatra euskaldunik ez zegoela salatu baitzuen UEMAk orain urte batzuk dela.

  UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Hego Euskal Herriko 90 udalerri biltzen ditu une honetan, tartean, Nafarroako hainbat udalerri. Emaitzetan berezitu egin dira Osakidetza eta Osasunbidea zerbitzu publikoak, egoera oso ezberdina baita batean zein bestean, UEMAren arabera. Nafarroako datuak abenduan aurkeztu zituen UEMAk Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, eta EAEkoak berriz, pasa den astean, Eusko Legebiltzarrean.

  UEMAko kide diren 90 herrietako 56 osasun etxe eta larrialdi zerbitzu, UEMAko herriei arreta ematen dieten 27 osasun zentro eta erreferentziako 11 ospitale aztertu dira, tartean, Oñatiko osasun etxea eta Arrasateko ospitalea. Orokorrean, lehen aipatu bezala, ez da eboluziorik sumatu 2018an egin zen aurreko azterketatik hona, UEMAk jakinarazi duenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!