Udalak landa lurrak erosi nahi ditu

2023/09/15
Card image cap
Aldakiño-Olapotoko basoa
Urriaren 9ra arteko epea dago proposamenak aurkezteko

  Bertako espezie, baso eta ekosistemen kontserbazioa indartu eta bioaniztasun galera gelditzeko politika sustatzea da udalaren helburua. Ingurumen balioak galtzeko arriskua izan dezaketen eremuak identifikatu eta kontserbaziorako ekintzak sustatzeaz gain, bestelako egurgintza eredu baten aldeko praktikak martxan jarri nahi ditu. Helburu horiek betetzeko lursail berriak eskuratu nahi ditu eta horretarako deialdia egin berri du.

  Udalerria zabala da baina eremu konkretu batean dauden lursailak eskuratu nahiko lituzke udalak: Aldakiño-Olapoto hiri basoarekin muga egiten dutenak, Legazpi-Antzuola-Bergara udalerrien arteko muga egiten duen mendilerroan kokatutakoak, erreken zaintza eremuan daudenak edota hegazti nekrofagoen interes bereziko eremu eta elikadurarako babes eremuan kokatzen direnak. Inguru horietan dauden lursailak, edo azaleraren erdia gutxienez aipatutako eremuetan dauden lursailen bat saltzeko duten jabeek aurkeztu dezakete proposamen edo eskaintza. Hori bai, udalak ordainduko lukeen gehienezko prezioa mugatu du, 2.000 €/Ha.

  Lehiaketara aurkezten diren lursailak baloratzerakoan hiru irizpide nagusi hartuko dira kontutan: prezioa, lursailaren azalera eta udal jabegoko lursailekiko gertutasuna. Eskaintza ekonomiko merkeenak, azalera handienekoak eta udalaren lursailetatik hurbilen daudenak lehenetsiko dira.

  Landa lurrak erosteko deialdi honen inguruko xehetasunak udal web atarian, kontratatzailearen profila atalean daude. Interesatuek urriaren 9a, eguerdiko ordu biak arteko epea dute eskaintzak egiteko. Eskaintzak, paperean, udaleko HAZ bulegoan aurkeztu daitezke edo modu elektronikoan, udaleko web atariaren bitartez.

  Iaz ere landa lurrak erosteko prozesua bete zuen udalak eta bi jaberen hiru lursail eskuratu zituen, guztira ia 17,5 Ha, 32.856 eurotan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!