Oñatiko udala

Igandean sartuko da indarrean udako ordutegia Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuan

2022/03/25
Card image cap
Ordularia atzeratu egin beharko da igande goizaldean

  Udako ordutegia indarrean sartuko da igandean Oñati eta Arantzazu elkar lotzen dituen autobus zerbitzuan. Horrek esan nahi du zerbitzua ordubetez luzatuko dela, arratsaldetan. Arantzazura igotzeko azken autobusa 17:30tan izan da orain arte, baina 18:30tan izango da igandetik aurrera. Beste horrenbeste Arantzazutik jaisteko, zerbitzua 19:00tan amaituko da, eta ez 18:00tan orain arte bezala. Goizeko lehen autobusen ordutegian ez da aldaketarik izango, 7:30etan hasita ordubetero irtengo da autobusa Oñatitik eta 8:00tan Arantzazutik.

  Oñatitik 10:30etan eta 12:30tan abiatzen diren autobusak Arrikrutzera sartuko dira, baita Arantzazutik, 14:00tan eta 15:00tan irteten direnak ere. Gainerako orduetan bidaiariren batek eskatzen badu ere autobusa Arrikrutzera joango da.

  Igandean indarrean jartzen den udako ordutegiak urria amaierara arte iraungo du. Izan ere, domeka goizaldean ordua aldatuko da. Urtean zehar egiten diren bi ordu aldaketen lehena gauzatuko da asteburuan, zapatutik domekako gauean. Domekan, goizaldeko ordu bietan ordubete aurreratu beharko ditugu erlojuak. Horrela, ordu bietan, hirurak izango dira eta ondorioz, domekak ordubete gutxiago, 23 ordu, izango du. Udako ordutegia urri amaierara arte luzatuko da.

  Ordu aldaketak aldeko eta kontrako iritziak biltzen ditu; aldekoek diote eguzki argia gehiago aprobetxatu eta energia aurrezten dela baina kontrakoek berriz diote gorputza ordu erritmo berrira ohitzeko sortzen dituen arazoak ez dituela konpentsatzen balizko energia aurrezpen txikia.

  Orain bi urte konfinamendu betean harrapatu gintuen ordu aldaketak eta iaz berriz, ostalaritza eta jardunaldi sozio-kulturalen ordutegia mugatuta zutela eta etxeratzeko ordutegia ere indarrean zela. Aurten dezentez lasaiago gaude alde horretatik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!