Uda kanpainan xake ikastaroak emateko begiralea behar da

2015/06/10
Card image cap
Udalak, xake irakaslea hautatzeko deialdi berezia egin du

  Uda kanpainari aurre egin ahal izateko, kirol begiraleak kontratatzeko deialdira ez zen xakea irakatsiko lukeen lagunik aurkeztu. Eskaera ordea, egon badago. 24 lagunek xakean izena eman dute eta hastapen eta hobekuntza talde bana osatu dira. Baina irakaslea falta da eta horretxegatik, deialdi berezia egin eta izen emate epe berria zabaltzea erabaki da. Xake zerbitzuko begirale izateko interesa dutenek, izena, gaurtik astelehenera bitartean eman behar dute. Dagozkien egiaztagiriak ere aurkeztu behar dituzte.

  Xake begirale izateko ez da aparteko ikasketarik eskatzen. 18 urte beteta izatea, derrigorrezko bigarren hezkuntza edo baliokidea den titulazioaren jabe izatea eta euskara menperatzea dira bete beharreko oinarrizko baldintzak, eta noski, xakean ondo moldatzea. Hala, aurkezten diren hautagaiek xakeko ELO sailkapenean duten puntuazioa kontutan hartuko da.

  Ekintza fisiko eta kirolarekin lotutako ikastaroak eginak izatea, begirale lanetan esperientzia izatea, xake kirol elkarteren bateko partaide izatea edota, xake txapelketetan parte hartu izana ere bereziki baloratuko dira, euskara maila egiaztatzen duten agiriak aurkeztu eta Oñatin erroldatuta egotearekin batera. Interesa dutenek, izen emate orria beteta,  zehaztutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen dituzten agirien kopiarekin batera, udal bulegoetan aurkeztu behar dute. Prestakuntza ikastaroak eta lan esperientzia azaltzen duten agiriak ere atxiki behar zaizkio eskaera orriari.

  Uda kanpaina, ekainaren 29tik uztailaren 24ra egingo da eta xake hastapena eta hobekuntza ikastaroak, lau astetan, astelehen, asteazken eta ostegunetan egingo dira, arratsaldeko 15.30tatik 17.30tara. Udalak, hautatutako lagunari lan kontratua egingo dio, egun eta ordu tarte horietarako.

  Gaur zabaldu den izen emate epea, datorren astelehenean, hilaren 15ean amaituko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!