Uda kanpainan eta udaleku irekietan begirale izateko izen-ematea bihar irekiko da, apirilaren 13ra arte

Kirol begiraleak eta udaleku irekietako begiraleak aldi baterako kontratatzeko oinarriak onartuta, aurkeztu nahi dutenen izen-ematea apirilaren 5etik 13ra izango da.
Udaleku irekietan begirale aritzeko oinarrizko baldintzak hiru dira: eskola graduatua izatea, EGA, C1 edo 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea. Hortik aurrera, aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. C2 edo 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea ere kontutan hartuko da. Eskatutako baldintzak betetzen direla eta baloratzen diren formazio eta lan esperientzia agiri bidez egiaztatu beharko da eskaera orria aurkezten denean.
Udaleku irekietan begirale izateko antolatzaileek zehaztutako prestakuntza saioetara joan beharko da. Formazio saioak ekainaren 4an eta 11n izango dira. Udalak formazio saio horiek ordainduko ditu eta hautatutakoei hilabeteko kontratua egingo die, ekainaren 27tik uztailaren 27ra. Beste horrenbeste gertatuko da uda kanpainan begirale izateko hautatzen direnekin, kasu honetan, ekainaren 22tik uztailaren 22ra arteko kontratua egingo die Udalak.
Uda kanpainan eskaini diren kirolak oinarri hartuta zerbitzu orokorrak eta espezifikoak berezitu dira. Eskalada indoor eta patinajea kirol zerbitzu espezifikoen atalean jaso dira eta halakoetan begirale gisa aritzeko formakuntza espezifikoa edota esperientzia izatea eskatzen da. Baina orokorrean, udalak aldi baterako beteko dituen kirol begirale lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, 16 urte beteta izatea, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea eta euskarari dagokionez EGA, C1 edo 3. hizkuntza eskakizunaren maila izatea eskatzen da. Gainera, ia ohiko bihurtu den sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa ere aurkeztu beharko da, gehienez ere, 3 hilabeteko aurretiaz emandako agiria. Kasu honetan ere, kirol prestakuntza ikastaro osagarriak, C2 edo 4. hizkuntza eskakizunaren maila eta lan esperientzia baloratuko dira, beti ere, agiri bidez egiaztatzen badira.
Uda kanpainan eta udaleku irekietan begirale izateko oinarriak udaleko web atarian ikusgai daude eta eskaera orriak ere bertatik deskargatu daitezke. Izen-ematea apirilaren 5etik 13ra bitartean egin behar da, udaleko zerbitzu telematikoen bitartez edota aurrez aurrez HAZ bulegora joanda, aurrez hitzordua eskatuta.
Bide batez esan, arte udalekuetarako begiraleen hautaketa prozesuaren behin behineko emaitzak gaur argitaratu direla. Lehiaketa faseari dagozkion emaitzak publiko egin dira, egiaztatutako esperientzia eta formazioa baloratu ondoren. Puntuazioa berrikusteko apirilaren 25etik 27rako epea izango da, aurrez hitzordua eskatuta, eta erreklamazioak aurkezteko azken eguna, berriz, apirilaren 28a izango da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!