Txokolateixak eta Itziar optikak "Singular Denda" errekonozimendua jaso dute

2023/03/29
Card image cap
Hamabi dira jada izendapen berezi hori duten Oñatiko komertzioak

  Gipuzkoa Merkatariak Federazioak Tolosan egin zuen 90. urteurreneko jardunaldien baitan ezagutarazi ziren Singular denda berriak, atzo. 17 saltoki izendatu ziren, tartean, Oñatiko bi: Txokolateixa eta Itziar optika.

  Tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da Singular dendak egitasmoaren helburua. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.

  Singular dendak programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak sortu zuen 2014an eta hiru urte beranduago Debagoienera zabaldu zuen, Oñatiko eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Herriko komertzioek urte eta programa ezberdinetan parte hartu dute eta dagoeneko hamabik lortu dute Singular denda errekonozimendua: Maibi dekorazioak, Arkauz optikak, Chic jantzi dendak, Andrea Azkoaga Interioristak, Candeluka jantzi dendak, Oñabikek, Trikitx dendak, Iramirak, D’Or estetikak eta atzoz geroztik Txokolateixak eta Itziar optikak ere bai. Une honetan herriko beste denda bat ere ari da Singular Denda aitortza eskuratzeko prozesua betetzen.

  Udala eta Gipuzkoako Merkatari Elkartearen arteko lankidetzaren lekuko Izaro Elorza alkatea atzo Tolosan egon zen, Singular dendak aitortza jaso zuten herritarrak babestuz. Singular dendak ekimenaren baitan hiru lan ildo jorratzen dira: formakuntza eta aholkularitza Singular dendak izan nahi duten herriko komertzioei zuzenduta, jada bereizgarria dutenei hobetzen jarraitzeko proposamenak eta bereizgarria herrian ezagutzera emateko ekintzak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!