TicketBAI aplikazioko softwarea euskaraz jartzeko dirulaguntzak emango ditu Udalak, lehen aldiz

2022/06/08
Card image cap
Euskara ikasi eta errotuluak edo web gunea euskaraz jartzeko laguntza lerroak mantentzen dira

  Zabalik dago Euskara udal departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea. Nobedadea, laguntza lerro berria sortu izana, TicketBAI fakturazio sistemarako euskarazko softwarea erosten dutenei dirulaguntzak emango zaizkie. Horri, aurretik zeuden bi lerroak batu behar zaizkio, hau da, errotuluak, irudi korporatiboa eta web gunea euskaraz jartzen dituzten entitateei zuzendutakoa eta euskara ikasten ari diren herritarrei zuzendutakoa.

  Azken Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Euskara udal departamentuak urtero eman ohi dituen laguntza lerro berria zabaltzea eta TicketBAI aplikazioko softwarea euskaraz jartzen dutenei diru-babesa ematea. Dirulaguntza hori eskatzeko urte amaierara arteko epea izango dute herritarrek.

  Errotuluak, irudi korporatiboa edota web gunea euskaraz jartzen duten entitateek urte akaberara arte izango dute udalaren dirulaguntza eskatzeko. Baina errotulu komertzial eta webgunetarako eskabideak, kartela jarri edo gunea aktibatu aurretik egin behar dira, hizkuntza aldetik testua zuzena dela ziurtatzeko. Oñatin helbide fiskala duten pertsona fisiko edo juridikoek eta bere jarduera ekonomikoa Oñatin dauden lokaletan dutenek aurkeztu ditzakete eskaerak.

  Euskara ikasteko dirulaguntzak berriz, Oñatin nahiz barnetegietan euskara ikasten ari diren herritarrek eskatu ditzakete. Ikastaroaren % 85eko aprobetxamendua egiaztatzen dutenek matrikula kostuaren erdia berreskuratuko dute laguntza gisa. Era berean, bigarren ikasturtez euskara ikasten jarraitzen dutenek, beste % 25eko laguntza osagarria jasoko dute jarraipen hori sarituz. Euskara ikasteko dirulaguntza, Oñatin erroldatuta daudenek eskatu dezakete. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztu behar dira eskaerak.

  Bateko zein besteko diru partidak batuta 7.775 euro emango dira guztira udaleko Euskara departamentuak kudeatzen dituen laguntzetan. Eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan egin behar dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!