Singular Dendak programari jarraipena emateko hitzarmena berritu du Udalak

Singular dendak egitasmoaren helburua tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.
Programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak sortu zuen, 2014an, eta 2017an Debagoienera zabaldu zen, Arrasate eta Oñatiko udalen lankidetzaz. Azken lau urteetan luzatuaz joan da lankidetza eta horren haritik, Oñatiko hamar komertziok Singular denda izendapena dute gaur egun eta beste bi bide horretan lanean ari dira jada.
Orain arteko lanari segida eman asmoz, Udalak lankidetzan jarraitzea erabaki du eta Singular dendak programa babestuko du 2022an ere, 3.000 euroko ekarpen ekonomikoa eginez. Aurtengo lanak hiru ardatz bilduko ditu: Singular dendak programaren edizio berria martxan jarri; bereizgarria duten dendei zuzenduta, eta bereizgarria bera herrian ezagun bihurtzeko, ekintzak egitea; eta pertsonen mugimendu fluxuak aztertu eta ustiatzea, telefono mugikorren seinaleak jasotzen dituzten nodoen bitartez.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!