Oñatiko udala

Singular dendak egitasmoan parte hartzeko gonbidapen gutunak igorri zaizkie merkatariei

2021/09/07
Card image cap
Programa berrian parte hartzeko izen-ematea irailaren 10ean amaitzen da

  Sozioekonomia udal departamentutik bidali zaizkie herriko merkatariei Singular dendak programan parte hartzeko gonbidapen gutunak. Interesatuek eskaera formularioa bete behar dute ostiral arratsaldea baino lehen, hilaren 10ean, 16:00tan amaitzen da Gipuzkoako Merkatarien federazioak finkatu duen epea.

  Tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da Singular dendak egitasmoaren helburua. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute. Singular denda egiaztagiria lortzen duten merkatariekin elkarlanean jarraitzen da, etengabeko hobekuntza bermatze aldera.

  Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen programa eta hiru urte beranduago zabaldu zen Debagoienera, Oñati eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Azken lau urteetan luzatuz joan da lankidetza eta horren haritik, Oñatiko hamar komertziok Singular denda izendapena dute egun.

  Egitasmoan parte hartzen duten dendek hainbat fase betetzen dituzte: diagnostikoa egiten da lehenik, hobekuntza plana zehaztu eta horretan lagunduko dion aditu batekin jarraipena egiten da eta azkenik, ebaluazioa eta errekonozimendu fasea.

  Erosketa esperientzia nabarmenak sortzea da azken helburu, norberaren komertzioa besteengandik bereizi eta bezeroak erakarri eta haien leialtasuna lortzeko teknika eta bitartekoak landuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!