Sabine Frerichs alemaniarra Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko berria da

2022/09/15
Card image cap
Ikerlari-irakasleak 2024ko irailera arte beteko du kargua

  Sabine Frerichs doktoreak Soziologia, Ekonomia eta Zientzia Politikoa ikasi zuen Alemaniako Trierreko unibertsitatean. 2005ean doktoretza lortu zuen Bamberg-eko Unibertsitatean, Gobernantza judiziala Europako Zuzenbide komunitatean: Integrazioa legearen bidez, Estatutik haratago izeneko tesiarekin. 2013an, Soziologia doktoretza ere jaso zuen. Bamberg-eko unibertsitatean. Gainera, Alemaniako Soziologia Elkartearen Saria lortu zuen. Ondoren, irakasle laguntzailea izan zen Helsinkiko unibertsitateko Zuzenbide fakultatean, doktoratu ondoko bekaduna Florentziako unibertsitate Institutu Europarrean eta irakasle bisitaria Pragako Charles unibertsitatean. 2016. urtetik soziologia ekonomikoko irakasle izan da Vienako Ekonomia eta Negozioen unibertsitatean.

  Sabine Frerichs-en ikerketa esparrua teoria soziologikoa, makrosoziologia eta soziologia ekonomiko eta juridikoa da. Bereziki, zuzenbideak, ekonomiak eta gizarteak bat egiten duten esparrua lantzen du, Europako integrazioan eta globalizazioan arreta jarriz.

  Oñatiko Lege Soziologia Institutuarekin aspalditik du harremana eta tarteka ikastaroak ematera etorri izan da. Orain, Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoa da eta zeregin horretan arituko da datozen bi urtetan, 2024ra arte.

  Zuzendari zientifiko berria etortzearekin batera amaituko dira lege soziologia institutuko ikasturte honetako mintegiak. Bortxaketaren definizioak, medikuntza eta zuzenbidearen ikuspegitik izeneko mintegia hasi da gaur unibertsitate zaharrean. Norvegia, Suedia, Islandia eta Erresuma Batuko hamabost bat ikerlari etorri dira Oñatira eta aipagarria da, gehienak, emakumezkoak direla.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!