Oñatiko udala

Presoentzako laguntza kanpaina berria martxan du Parrokiako Espetxe Pastoralak

2020/12/14
Card image cap
Materiala Hirukar, Sillero edo Irizar estankoan jasoko da, ostiralera bitartean

  Barruko arropa berria, gizonezkoentzako kamiseta manga motzak, galtzerdiak eta kantzontziloak; gizon nahiz emakumeentzako txandal frakak, kamisetak eta sudaderak; bainuko eta kirol oinetakoak; tabako gorria, metxeroak, turroi biguna, seiluak, sobreak eta boligrafoak eskatzen dira. Materiala ez da Garoa aretoan jasoko aurten, egungo osasun egoerak hala eraginda eta kanpainarekin bat egin duten hiru dendetakoren batera eramatea eskatzen duten espetxe pastoraltzako kideek: Irizar estankora, Sillero oinetako dendara edo Hirukar liburu dendara.

  Ia ohikoa bihurtu da Gabonen aurreko egun hauetan Parrokiako Espetxe Pastoralaren material bilketa kanpaina. Azken 15-16 urtetan gutxienik egin da. Eta Oñatin bezala, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere, antzerako ekimenak antolatu dituzte. Oñati, halako deialditan eskuzabala izaten dela adierazi digute Espetxe Pastoral taldeko lagunek. Asteburuko elizkizunetan jada, presoentzako material bilketa kanpaina honen berri eman da eta gaur bertan hasi dira esan bezala, lehen ekarpenak jasotzen.

  Oñatin astean zehar biltzen den materiala, lehenbailehen prestatuko dute Arrasateko ospitale psikiatrikoan dauden presoei eraman ahal izateko. Oñatiko taldeak lauzpabost urte baitaramatza Martuteneko kartzelara joan gabe, psikiatrikoan ingresatuta dauden presoei laguntzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!