Oñatiko udala

Ondarearen Europako Jardunaldiak urriaren 16an ospatuko dira Oñatin

2022/10/10
Card image cap
“Uraren garrantzia” izeneko bisita gidatua egingo da

  Gipuzkoako Foru Aldundiak zazpigarren urtez jarraian antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiok, lurraldeko hainbat herritako udal, elkarte eta kultur eragileekin elkarlanean. Urria eta azaroan zehar egiten ari dira ekintzat Ondarea loratuz, gozatu! lemapean. Ondare jasangarriaz gozatzeko 122 kultura ekitaldi baino gehiago programatu dira Gipuzkoako 34 udalerritan.

  Jarduerak eskaintzerakoan ondarearen jasangarritasunean jarri da azpimarra eta garapen jasangarrirako 17 helburuak dira ekintza ezberdinen muina. Askotariko gaiak landuko dira: paisaia naturala, moda, tradizioak, arrantza, musika, kosmetika edota gastronomia.

  Oñatiko turismo bulegoak hasieratik parte hartu du Ondarearen Europako Jardunaldi hauetan eta aurten, uraren garrantziaz hausnartzeko bidea emango du, energia eskuragarri eta ez kutsatzaile eta industria, berrikuntza eta azpiegitura helburuak uztartuta. San Migel errota ikusiko da eta ur errotek izan zuten garrantziaz argibideak emango dira. Errekaren emariaz baliatuta, energia iturri irisgarri, ez kutsagarri eta jasangarria erabilita, errotak ez ezik, aroztegiak, zerrategiak edota zentral elektrikoak martxan jarri dira gurean. Guztiaz berba egingo da domekan, urriaren 16an, turismo bulegoak gidatuko duen URAREN GARRANTZIA OÑATIN izeneko bisitan. Ekintza doan izango da baina parte hartzeko izena eman behar da turismo bulegotik pasatuz edo telefonoz deituta: 943 783 453 zenbakira.

  Debagoienean Arrasatek eta Bergarak ere bat egin dute ekimenarekin. Arratsaten Monterron parkera eta San Kristobalera bisita komentatua egin ahal izango da hilaren 22an eta Bergaran, ehungintza jasangarria oinarri hartuta moda desfilea eta topaketa egingo da hilaren 21ean eta hondakin jasangarrien inguruko erakusketa jarriko da azaroaren 3an.

  Ondarearen Europako Jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da. Zazpigarren edizio honetan, Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasle talde baten parte hartzea izan du Aldundiko Kultura Departamentuak, programa gazteei hurbiltzeko asmoz. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak elkarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu dira jardunaldiek Euskadi osoan duten eragina indartzeko, ahaleginak optimizatzeko eta esperientziak trukatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!