Oñatiko udala

Oñatin, Urrutxuko ekarpen gunean bilduko da Debagoieneko artilea, uztailaren 6an

2022/06/20
Card image cap
Artilea eraman aurretik ordaindu beharko da zerbitzua, artzainak dituen ardi kopuruaren arabera

   Artilea arazo bihurtu da azken urteetan artzainentzat. Garai batean zuen balioa galdu du erabat eta berrerabilera txikia duenez inork ez du hartu nahi. Artilea balorean jartzeko irtenbideak aztertzen ari dira, etorkizunean baliozko baserri-produktu izan dadin berriro.

  Lurgintza, Abelur eta Gipuzkoko Landa Garapena Elkarteen Federazio Landaolak elkarteak elkarlanean antolatu dute Gipuzkoako artile bilketa programa. Bilketa zerbitzua ahalik eta modu sinple eta merkeenean egiteko prozedura landu eta adostu dute. Gipuzkoan zazpi bilketa puntu zehaztu dira eskualdeka; Idiazabal, Mendaro, Asteasu, Azpeitia, Berastegi, Oiartzun eta Oñatin egingo dira bilketak hilabeteko epean, ekainaren 29tik uztailaren 27ra.

  Debagoieneko artzain eta baserritarrek, Urrutxuko ekarpen gunera eraman beharko dute artilea, uztailaren 6an. Aurrez, telefonoz deitu beharko dute zenbaki honetara: 627 452 397. Bertan jakinaraziko zaie zein ordu eta tokitan entregatu beharko duten artilea. Artzainak bere izen-abizenak, helbidea eta NAN zenbakia eman beharko ditu eta azken erroldan zuen ardi kopurua ere bai, zerbitzuaren ordainketa kopuru horren arabera egin beharko baita.

  Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzuaren kostuaren zati bat ordainduz lagunduko du baina artzainak ere ordaindu beharko du; 50 ardi edo gutxiago dutenen tasa, esaterako, 36,30 euro izango da eta 700 arditik gora dutenena, 400 euro. Artilea eramateko tasa merkatuz joango da ardi kopurua handituz doan heinean. Baina ordaindu beharreko tasa ere jakinaraziko da telefonoz deitzerakoan. Izan ere, ordainketa artilea eraman aurretik egin beharko baita Kutxabank-eko kontu batetan eta ordainagiria aurkeztu beharko da artilea eramaten den unean. Bilketa guneko arduradunak faktura emango dio artzainari eta hori dokumentu garrantzitsua bihurtuko da, erakundeen aurrean artilearekin zer egin den adierazteko agiria izango delako.

  Gipuzkoan batzen den artilea Nafarroara eramango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!