Oñatiko udala

Oñatin ikasitako 81 gaztek unibertsitatera sartzeko hautaprobak izango dituzte bihartik aurrera

2022/06/07
Card image cap
Hainbat ikasle selektibitateko azterketak egiten, iaz
Ostiral eguerdira arte luzatuko diren azterketak Eibarren egingo dituzte ikasle oñatiarrek

  Txantxiku ikastolakoek 32. epai mahaiari dagokion aretoan egingo dituzte eta Oñati institutukoek eta Elkar Hezikoek berriz, 33. epai mahaiari dagokionean. Baina guztiak, Eibarko ingeniaritza eskolan. Oñatitik-Eibarra joan-etorria egiteko bi autobus antolatu dira, bat ikastolako ikasleentzat eta bestea, institutu eta Elkar Hezikoentzat. Ikastolakoek iaz Donostiara joan behar izan zuten selektibitatea egitera eta aurten epaimahaiak azken ordura arte jakinarazi ez direnez, autobusa, euren kabuz antolatu dute. Baina Oñatiko ikasle guztiek goizetan eta eguerdian itzultzeko aukera izango dute.

  Ikastolako ikasleen autobusa Mondragon Unibertsitateko aparkalekutik abiatuko da 7:30tan, hiru egunetan. Eta itzuli, bihar eta etzi 13:15tan eta ostiralean 11:00tan, Eibarren adostuko duten lekutik. Arratsaldeko azterketetara geratzen direnek beraien kabuz egin beharko dute itzulerako bidaia. Institutuko eta Elkar Heziko ikasleek berriz, postetxe aurrealdean izango dute autobusa, bihar 7:15tan eta ostegun eta ostiralean 8:00tan. Arratsaldean azterketarik ez dutenek 13:00tan izango dute itzulerako autobusa eta arratsaldean berriz, 18:15tan bihar eta 16:15tan etzi, ostegunez. Izan ere, selektibitateko azterketak asteazkenean eta ostegunean goiz eta arratsaldez eta ostiral goizean egingo baitira. Baina ikasle denek ez dituzte proba guztiak egin behar. Komunak diren eta, ondorioz, derrigorrez egin behar diren hainbat ikasgai espezifiko moduan baloratuko dira, azken urteetan egin den bezala. Beraz, zenbait ikasle ez dira arratsaldetako azterketa espezifikoetara aurkeztuko.

  Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba egitera doazen oñatiarrak, 81 dira guztira: 55 Txantxiku ikastolakoak dira, 15 Elkar Hezikoak eta 11 Oñati institutukoak. Guztiek, etzi, goizeko 8:30tarako dagokien aretoan egon beharko dute Nortasun Agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin. Musukoa erabiltzea ere gomendatzen da EHUtik.

  Ikasle guztiek komunak dituzten eta derrigorrean egin beharko dituzten azterketak bost izango direla: euskara, ingelesa, gaztelera, historia eta matematika. Gainera, euskara edota ingelesa ikasgai espezifiko moduan ere baloratuko dira, lehen esan bezala. Horiezaz gain, ikasgai espezifikoei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dira nota hobetzeko.

  Ekaineko deialdira aurkezten direnen gehiengo zabalak proba gainditzen du. Iaz esaterako, Oñatiko ikasle denek aprobatu zuten. Dena den, ekaineko lehen deialdiko azterketaldia gainditzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik aprobatzeko duenak hurrengo aukera, uztailaren 6, 7 eta 8an izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!