Oñatin erroldatutako 8.794 lagunek dute udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea

Horixe da igandeko hitzorduaren berezitasuna, bi bozketa aldi berean egingo direla: udal hauteskundeak eta Batzar Nagusietakoak eta botu emaile kopurua ezberdina dela batean eta bestean. Batzar Nagusiak aukeratzeko hauteskundeetan Euskadin bizilekua duten atzerritarrek ezin dute botorik eman, bai ordea, udal hauteskundeetan, baldin eta, Europar Batasuneko kide diren herrialderen batean jaioak badira edota Batasunetik kanpoko atzerritarrak izanik ere, beren herrialdeak Espainiarekin akordio berezia baldin badauka, eta Oñatin erroldatuta badaude. Beraz, igandean gurean zabalduko diren 15 hauteskunde mahaitan hautesle zerrenda bana izango dute baina bereziki adierazita egongo da udal hauteskundeetan eta Batzar nagusietako hauteskundeetan bozkatu dezaketen ala ez.
Era berean, boto lekuetan kolore ezberdineko papeleta eta sobreak topatuko ditugu: zuriak, udal hauteskundeetarako eta laranja argia, Batzar Nagusietarako. Horiek hauteskunde lekuetan eskuratu ahal izango dira, etxetik eraman ezean. Udal hauteskundeetan udalbatza osatuko duten 17 lagunak aukeratzeko lau hautagaitza daude: EH Bildu, EAJ, PP eta PSE-EE. Batzar Nagusietarako berriz, Deba-Urola barrutian 14 ordezkari aukeratuko dira, sei hautagaitzen artean: EH Bildu, EAJ, PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos koalizioa eta STOP taldea.
Zubikoa kiroldegian, Santa Marinako ikastetxean, Txiki txokon eta Bidaurretako dorretxe honetan kokatuko diren 15 hauteskunde mahaiak 9:00etan ireki eta 20:00etan itxiko dira. Ireki bezain pronto, posta bulegoan gordeta dituzten botoak banatuko dira. Hauteskunde mahaitan presidente izateko izendatu diren herritarrek bilera dute gaur, 17:00etan, udaletxean, dokumentazioa jaso eta zalantzak argitzeko.
EAJk eta EH Bilduk kanpainako azken ekitaldiak egingo dituzte gaur arratsaldean plazan. Jeltzaleen ekitaldia 17:00etan hasiko da eta EH Bildurena, 20:15etan. Guztiek bozkatzera joateko deia egingo dute, jakinik, 2019an, lau oñatiarretatik bat abstenitu egin zela.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!