Oñatin 32 taberna edo lokal terraza daude

2021/07/01
Card image cap
Ostalariek, bide publikoa okupatzeagatiko udal tasa ordaindu beharko dute gaurtik abuztuaren 10a arte

  Mahai eta aulkiekin bide-publikoa okupatzeagatiko tasa eta kutxazain tasa ordaintzeko borondatezko epea gaur ireki du Udalak. Oñatin, tasa ordaindu behar duten lau kutxazain eta tamaina ezberdineko 32 terraza daude. Bakoitzak, okupatzen duen metro karratuen araberako tasa ordaindu behar du. Udalak, bide publikoa okupatzeagatiko kontzeptuan, 15.115 euro jasoko ditu guztira aurten.

  Covid-19a dela eta iazko udaberrian tabernak itxita egon zirenez, bide publikoa okupatzeagatiko tasaren kobrantza hiru hilabetez atzeratu zuen Udalak, uztailetik urrira. Aurten, ohiko datak berreskuratu dira. Eta udal tasa hau ordaintzeko borondatezko epea abuztuaren 10a arte luzatuko da. Ordainketa helbideratuta dutenei gaur bertan egingo zaie kargua. Hiru ostalarietatik bik ordainketa helbideratuta dute.

  Eta udal tasa eta zergaz ari garelarik esan bestalde, ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko dutenei gogorarazte gutunak bidali zaizkiela. Atzo amaitu zen ofizialki aipatu zerga ordaintzeko borondatezko epea nahiz eta beste hamar bat egunez luzatu ohi den. Kasu honetan, uztailaren 9a izango da ordaintzeko azken eguna. Baina oraindik 590 ondasun jabek ez du dagokion zerga ordaindu eta data berria jakinaraziz gogorarazte gutunak bidali zaizkie udaletxetik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!