Oñatiko udala

Oñatiko ikasle guztiek gainditu dute selektibitatea

2021/06/17
Card image cap
Nota onak izan direla adierazi digute ikastetxeetan

  Atzo eguerdian jakin zuten unibertsitatera sartzeko azterketara aurkeztu ziren 71 ikaslek froga gainditu zutela eta ariketa bakoitzean lortu zuten emaitza konkretua. Hortik aurrera, ikasi nahi duten gradurako nota duten edo zer beste ikasketa batzuk hautatu beharko dituzten pentsatu eta erabakitzeko trantzea etorri zen, beti ere, gradu konkretuetara sartzeko ezagutzen diren gutxieneko notak iazkoak direla kontutan hartuta. Zenbaitek Euskal Herritik kanpo ikasteko espediente aldaketa eskatzeko tramitea ere bete ei zuten atzo bertan, ikastetxe batean esan zigutenez. Baina unibertsitatera sartzeko hautaprobetan Oñatiko ikasleek emaitza onak lortu dituztela ere adierazi digute ikastetxeetan, eta alde horretatik guztiak pozik agertu dira.

  Orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoan, ikasleen % 98,35ek gainditu du selektibitatea eta bataz besteko emaitza jaitsi egin da, iazkoekin alderatuta, 7,02tik 6,46ra jaitsi da, unibertsitateak berak eman dituen datuen arabera.

  Ikasturtea ez da erraza izan ikasleentzat, are gutxiago selektibitatea egin behar zuten batxilergo 2ko ikasleentzat, zenbait gela konfinatu beharrean izan baitira kurtsoan zehar. Baina unibertsitatera sartzeko probetan malgutasunez jokatu da, iaz bezala, eta azterketa bakoitzeko A eta B aukeretako galderak modu ordenatuan nahasteko aukera eman zaie ikasleei. Emaitza, guztiek proba gainditu dutela, esan bezala.

  Oñatiko 71 ikasle izan dira lehen deialdira aurkeztu direnak baina bakarren bat geratzen da, kurtsoa gerora gaindituta, selektibitatea egiteko. Bigarren deialdia uztailaren 6tik 8ra izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!