Oñatiko biztanle kopuruak 11.500eko langa gainditu du

2022/01/19
Card image cap
Urtarrilaren 1eko dataz 11.518 lagun geunden Oñatin erroldatuta, urtebete lehenago baino 90 gehiago

  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira aipatutakoak. Ez dira datu ofizialak, horiek Instituto Nacional de Estadísticak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira; 2021eko urtarrilaren 1eko errolda datua pasa den hilean argitaratu zen eta abenduko Osoko Bilkuran jakinarazi zen. Hori hala izaki, eta edozein errolda-aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jasotako datuak ontzat eman daitezke, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen.

  Bukatu berri den urtean 90 haur jaioberri erroldatu dira Oñatin. Hainbat urtetan jaiotakoen kopurua ehun haur baino gehiago izan da gurean baina azken zazpi urtetan ez da kopuru horretara iritsi. Txanponaren bestaldean hildakoen kopurua dago. 2021. urtean Oñatin erroldatuta zeuden 127 lagun hil ziren. Hildakoen kopuru handiak atentzioa ematen du, aurreko urtearekiko %16aren igoera izan baitzen iaz. Dena den, azken hamarkadan izan dira 120 hildako baino gehiago erregistratu diren beste urte batzuk: 2014an eta 2017an esaterako; azken urte horretan 133 hildako izan ziren gurean. Heriotzen gorakadan Covid-19ak zenbateraino eragin zuen neurtzea ez da erraza, heriotz-arrazoia ez baita erroldan jasotzen.

  Baina jaiotza eta heriotza kopuruen aldea bai azpimarratzekoa da, 37 laguneko aldea egon baitzen iaz bata eta bestearen artean. Dena den, 2022a 90 biztanle gehiagorekin hasi dugu, eta horrek esanahi du, jaiotza eta heriotzen arteko fluxua negatiboa izan den arren kanpotik gurera bizitzera jende berri asko etorri dela, 127 lagun, hain zuzen, urtean hildakoak adina lagun. Ondorioz, Oñatik, biztanleria irabazi du. eta lehenengo aldiz 11.500 biztanleen langa gainditu du.

  Urte hasieran, urtarrilaren 1ean, Oñatin erroldatutakoak 11.518 ziren. Horietatik 5.803 emakumeak ziren eta 5.715 gizakumeak. Baina aipatutakoak ez dira datu ofizialak, esan bezala. Horiek INEk ematen ditu baina 2022ko urte hasierari dagozkionak, urte akaberan jakinaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!