Oñatiko udala

Oñatiko 14 odol emailek elkartearen esker ona eta agiria jasoko dute ostiralean

2021/06/08
Card image cap
Odola, gutxienez, 25, 40, 50 edo 75 aldiz eman dute

  Berez iazko udazkenean egin behar zen errekonozimendu ekitaldi hau, 2019an 25, 40, 50 edo 75 odol-emate bete zituztenei eskainita, baina pandemiak eraginda bertan behera utzi zen eta ostiralean gauzatuko da. Orain arte gainera, Deba arroako odol emaileak Eibarren elkartu ohi ziren, baina aurtengo errekonozimenduak herriz herri egitea erabaki da eta Oñatiko taldeak ekaineko odol ateraldiaren hitzordua probestuko du horretarako.

  Odola zenbat aldiz eman denaren arabera, zilar, urre eta Emaile Nagusien agiriak banatuko dituzte ostiral arratsaldean. Oñatin, guztira, 14 odol emaile omenduko dira. Zazpik 25 aldiz eman dute odola, batek 40 aldiz, bik 50 aldiz eta lauk berriz, 75 aldiz. Erakutsitako fideltasun eta eskuzabaltasunari esker ona adierazi eta agiria emango zaie ostiralean, 18.15tan, Enpresagintza fakultatean.

  Garrantzitsua da, pandemia egoeran ere, odola ematen jarraitzea, Euskadin, egunean, 300 bat odol poltsa behar baitira. Eta zailtasunak zailtasun, gutxieneko erreserba mantentzea lortzen da egunero, herririk herri egiten diren odol ateraldietara doazen emaileei esker. Euskadin %3ak odola ematen du, profil nagusia 45-48 urte bitartekoa izanik. Gipuzkoan 30.000 odol donazio lortzen dira, urtean, eta azpimarragarria da, odol emaileen fideltasuna. Gure artean badago odol emaile izan beharraren kontzientzia eta datuen arabera, 25 urtetik beherako gazteen %8-10ak odola ematen du, nahiz eta, 25-35 urte tartean beherakada bat ematen den, bizitza konplikatu egiten zaielako, Sabin Urzelai odol emaileen elkarteko presidentearen esanetan.

  Konplikatuagoa bihurtu da baita ere pandemia egoeran odol-emateak programatzea baina izaten dira, Oñatin, hilean behin. 18 eta 65 urte arteko edonor izan daiteke odol emaile, 50 kilo baino gehiago pisatzen baditu, eta osasuntsu badago. Alde horretatik, azken 28 egunetan Covid-19aren sintomarik izan ez duenak eman dezake odola. Oñatin, hurrengo emanaldia ostiralean izango da, 16:30-20:30tara eta bertaratzeko gonbidapen mezuak egun hauetan zehar helaraziko zaizkie herriko odol-emaileei. Ostiraleko hitzordua probestuko da, esan bezala, odola hainbat alditan eman duten emaileei elkartearen esker ona adierazteko. Udazkenean berriz, 2020an gutxieneko emanaldi kupoa bete zutenei antzerako ekitaldia eskaini asmo zaie.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!