Oñatik biztanleak gehitzen jarraitzen du, gurera bizitzera datozen lagunei esker

2023/01/24
Card image cap
Urtarrilaren 1eko dataz 11.575 lagun zeuden Oñatin erroldatuta, urtebete lehenago baino 60 gehiago

  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira aipatutakoak. Ez dira datu ofizialak, horiek Instituto Nacional de Estadísticak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira; 2022ko urtarrilaren 1eko errolda datua pasa den hilean argitaratu zen eta abenduko Osoko Bilkuran jakinarazi zen. Hori hala izaki, eta edozein errolda-aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jasotako datuak ontzat eman daitezke, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen.

  2022an zehar 86 haur jaioberri erroldatu ziren Oñatin. Urteetan jaiotakoen kopurua ehun haur baino gehiago izan da gurean baina azken zortzi urteetan ez da kopuru horretara iritsi. Txanponaren bestaldean hildakoen kopurua dago. 2022. urtean Oñatin erroldatuta zeuden 145 lagun hil ziren. Aipagarria da azken 30 urteetan erregistratu den hildakoen kopuru handiena dela. Hala ere, azken hamarkadan izan dira 130 hildako baino gehiago erregistratu diren beste urte batzuk: 2014an edota 2017an 133 hildako zenbatu ziren gurean. Jaiotza eta heriotza kopuruen aldea negatiboa izan zen iaz eta jaio baino 59 hildako gehiago izan ziren. Baina 2023a 60 biztanle gehiagorekin hasi dugu, eta horrek esanahi du, jaiotza eta heriotzen arteko fluxua negatiboa izan zen arren kanpotik gurera bizitzera jende berri asko etorri dela, 119 lagun, hain zuzen ere. Ondorioz, Oñatik, biztanleria gehitu du eta 11.600 biztanleen langara hurbiltzen ari da.

  Urte hasieran, urtarrilaren 1ean, Oñatin erroldatutakoak 11.575 ziren. Horietatik 5.857 emakumeak ziren eta 5.718 gizakumeak. Baina aipatutakoak ez dira datu ofizialak, esan bezala. Horiek INEk ematen ditu baina 2023ko urte hasierari dagozkionak, urte akaberan jakinaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!