Musika eskolari ia 69.000 euro emango dizkio udalak 2021eko dirulaguntzaren likidazio kontzeptuan

2014ko otsailean onartu zen udala eta Jose de Azpiazu musika eskolaren arteko lankidetza hitzarmena. Horren arabera, udalak, dirulaguntza bat ematen dio musika eskolari urtero.
2021eko udal aurrekontuetan Jose de Azpiazu eskolari 137.532 euroko dirulaguntza ematea jaso zen, musika eskolak dituen gastuei aurre egiteko. Dirulaguntzaren erdia urte hasieran ordaindu zen, eta iazko urte akaberan bigarren zatia ordaintzea erabaki zuen gobernu taldeak. Aurrez, eta aipatu lankidetza hitzarmenean zehazten den bezala, Jose de Azpiazu musika eskolak jarduera eta ekonomia txostenak aurkeztu ditu, gastuak, fakturak, diru sarrerak eta inbertsioen zerrenda zehaztuz, besteak beste. Txostena ontzat emanda erabaki da urteko dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzea, hau da, 68.766 euro ordaintzea.
Baina musika eskola notizia da baita ere, egungo egoera aztertu eta etorkizunera begirako hausnarketa prozesuan murgilduta dagoelako. Horren haritik, eskolaren etorkizuna marrazteko bi lanketa saio ireki egingo dira datozen asteetan.
Hiritik At enpresak musika eskolari buruzko diagnostiko txostena egin du eta herritarrekin partekatu nahi da. Horretarako bi lanketa saio antolatu dira, herritar guztiei irekita. Lehenengoa, datorren asteazkenean, hilaren 19an egingo da zerbitzuak eta proiektu pedagogikoa aztertzeko; bigarrena, hilaren 28an izango da eta bereziki gobernantza eredua eta espazioa landuko dira. Bi bilerak Eltziako 3. solairuan, 18:30tan hasiko dira.
Musika eskolaren inguruan egiten ari den hausnarketa estrategiko honen helburua da eskolak etorkizunean izan beharko lituzkeen zerbitzuak, eskaintza pedagogikoa eta kudeaketa ereduaren inguruko gogoeta egin, eta behar horiei egokien erantzungo dien kokalekua aukeratzea.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!