Mugarik gabeko ohiko inauteri egitaraua antolatu da aurten

2023/02/10
Card image cap
Oñatiko inauteri txikia ospatuz hasiko da ostegun arratsaldean

  Burbuila taldeak gordez berreskuratu zen iaz Oñatiko inauteri txikia baina inolako mugarik gabe kaleratuko da ostegun gizen arratsaldean. Herriko hiru ikastetxeetako LHko 5. eta 6. mailako neska-mutilak berriro elkartuko dira inauterietako konpartsak ezagun egin dituen hainbat dantza eta kantu kalejiran eskaintzeko. Ospakizuna 14:30etan hasiko da eta 16:15etan plazan amaituko da.

  Larunbatean konpartsa nagusia kaleratuko da, hauek ere, inolako mugarik gabe, eta goiz eta arratsaldeko ospakizuna berreskuratuz. 11:00etan Eltziatik abiatuko dira eta goizeko jarduna 13:30etan plazan amaitu ondoren, elkarrekin bazkalduko dute kiroldegian. Katering zerbitzua kontratatu dute. Arratsaldeko saioa berriz, 17:00etatik 20:00etara luzatuko da, azken dantzak plazan errepikatuz. Konpartsa handia elkartuko dela aurreratu digute antolatzaileek eta nobedadeak ere izango dira, pertsonaia guztiek aurpegia musukoaz ez baina maskaraz estalita eramango baitute.

  Domekan dantza nagusi izango da eta urteetako ohitura berrituz, Oñatz taldekoek Luzaideko dantzak eskainiko dituzte arratsalde-ilunkaran, Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi ikasleak lagun hartuta. Eta dantza egiteko aukera izango da baita ere asteartean plazan DJ festa antolatu baita 18:00etatik aurrera. Ordubete lehenago, Zirika Zirkus konpainiak Aurkitu gabeko altxorra ikuskizuna eskainiko du Zubikoa kiroldegian. Sarrerak dagoeneko salgai daude oñati.eus atarian eta Txokolateixan, 3 eurotan. Pailazo-ikuskizunaren ondoren Parrokiako Misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan. Bildutako dirua Turkian eta Sirian gertatutako lurrikarek kaltetutakoei laguntzera bideratuko da.

  Pake leku elkartean eta Gaztelekuan ere inauterietako ekintza bereziak antolatu dituzte. Pake lekun ostegun gizen egunean bingo berezia eta txistorra jana izango da eta larunbatean, inatuterietako kantu bazkaria. Gaztelekuan berriz, inauterietako ekintzak egingo dituzte larunbatean eta asteartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!