Landa eremuko lursailen mugaketa egin eta digitalizatzeko egitasmo zabala abian jarri du Udalak

2023/09/12
Card image cap
Zortzi urtetan egin asmo den lanari ekiteko, katastroko lehen hiru poligonoetako partzelen mugak jasoko dira

  Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jaso nahi ditu Udalak. Hau da, landa lurren muga eta kokalekuak GPS bidez geo-erreferentziatuta egon daitezela lortu nahi du. Bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiko katastro zerbitzuko informazioa zuzendu eta eguneratu nahi da. Lan nekeza eta luzea izango da, Oñatiren hedadura handia kontutan hartuta. Lana, faseka egingo da, 8 urteren buruan osatzeko helburuz.

  Lursailak ez ezik jabeak ere identifikatu beharko dira, askotan, herentzian jasotako ondasunen titularitatea ez dagoelako eguneratuta. Gero, jabeekin elkarlanean lursailen mugak zehaztu eta digitalizatuko dira. Oñatiko landa katastroa 27 poligonotan banatuta dago eta lehen hiru poligonotako partzelen mugaketa egiteko zerbitzua lizitaziora atera du Udalak. Elorregi parean hasi eta Zubillagatik Larraña auzoko muga ingururaino iristen dira katastroko lehen, bigarren eta hirugarren poligonoetako partzelak.

  Lan kontratua lortzen duen enpresak, katastroko lehen hiru poligono horietan dauden lursailak identifikatu, jabeekin harremanetan jarri eta mugakideen arteko akordioa lortu beharko du eta lursailen mugak digitalki jaso beharko ditu. Ia 129.000 eurotan finkatu da kontratuaren aurrekontua eta lana 12 hilabetetan egin beharko da. Enpresa bakarra aurkeztu da udalak deitutako lizitaziora. Udalak jarritako baldintzak eta eskaintza ekonomikoa betetzen dituen ikusi beharko du Kontratazio Mahaiak.

  Landa eremuko lursailen mugaketa eta digitalizazio lanen lehen fase honetarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza eskuratu du Udalak. Katastroko lehen hiru poligonotako partzelen mugak jasoko dira orain eta urtez urte lana osatuz joango da, udalerriko landa-lursail guztiak, 27 poligonoetako partzelak guztiz digitalizatu arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!