Kimu-Urtxin loradendak irabazi du XIV. erakusleiho lehiaketa

2021/12/20
Card image cap
Herritarren saria ere eskuratu du

  Ostiral arratsaldean egin zen XIV. erakusleiho lehiaketaren sari banaketa. Udal ordezkariak saritutako dendetara zuzenean joan ziren. Lau sari baina hiru saridun izan dira aurten, erakusleiho lehiaketan sarritan gertatu ohi denez, Herritarren sariak eta adituen epai-mahaiak emandakoa bat etorri baitira.

  Sari bikoitza eskuratu du Kimu-Urtxin loradendak, lehenengo saria eta Herritarren saria, 1.000 euro guztira. Bakardadeko Ama kaleko erakusleihoan itsas azpiko irudia sortu dute. Bigarren saria Andrea Azkoaga interioristak eraman du, 300 euro, eta elurtutako paisaiatik babestuta, etxe barruan eta kikara eskutan dagoen laguna irudikatu dute. Hirugarren saria, 200 euro, Oreka reformas e interiorismok eraman du, paper eta kartoiaz osatutako izeiak irudikatuta.

  1.060 herritarrek parte hartu dute Herritarren saria aukeratzeko bozketan eta Kimu-Urtxin loradendak botoen % 28a eskuratuta eraman du saria. Loradendako arduradunei zenbaki bat eskatu zitzaien eta horren arabera erabaki da boto emaileen arteko saritua; Irene Madinabeitia Uriartek 200 euro jasoko ditu.

  Ostiralean banatu ziren dendarik denda joanda XIV. erakusleiho lehiaketako sariak. Guztira 19 dendek parte hartu dute eta 4 sari banatu dira, 1.500 euro. Parte hartu duten denda eta lokaletako eskaparateak abenduaren 31ra arte bereziki apainduta mantendu beharko dira, lehiaketaren arauak betez, baina gehienek Errege egunera arte ez dute aldatzen. Ondoren neguko beherapenak hasiko dira eta ordurako bai, erakusleihoek itsura berria hartuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!