Kanposantu inguruko zaintza areagotu eta baliozko gauzak ez uzteko oharrak jarriko ditu udaltzaingoak

Hainbat herritar hasi da familia hilobiak garbitu eta txukuntze lanetan, datorren astelehena Domu Santu eguna izango dela eta. Halakoetan kargatuta joan ohi da eta autoak behar bezala itxi gabe uzten ditu askok. Bueltan ordea, ez ustekoak jasotzen dira eta lapurtu egin dietenaz ohartzen dira. Garbitze lanetan kontzentratuta egonik, poltsak inguruan baina zaintza gabe ere uzten dira, lapurrei hartzeko erraztasunak emanez. Poltsak eta baliozko gauzak zaindu daitezen aholkatuz ohartarazpenak jarriko ditu udaltzaingoak kanposantu inguruan aurten ere.
Sartu-irtenak sarritan, minutu gutxitako kontuak izaten dira eta azkar egingo denaren konfiantzan, poltsak autoan eta begi bistan uzten dira. Lapurrek ez dute denbora askorik behar izaten kotxeak ireki eta poltsak eramateko. Eta itxita uzten direnetan ere, leihatila apurtu eta agirian dagoen baliozko zamarra edo objektuak harrapatu eta ihes egiteko. Halako lapurretak urtero salatu ohi dira udaltzaingoan eta horregatik arretaz ibiltzeko oharrak jarriko dituzte.
Urtero lapurretaren bat salatzen da azaroaren 1aren ospakizunen inguruan kanposantuan. Udaltzainek arreta jartzeko ohartarazpenak jarriko dituzte eta inguruko zaintza ere areagotu egingo dute. Udaltzainen autoa, sarri-sarri ibiliko da datozen egunotan kanposantura bueltaka.
Bestalde, Herribusa kanposanturaino iritsiko da astelehenean. Hala jakinarazi dute udaletik. Arantzazura domeka eta jaiegunetan izaten den autobus zerbitzuak neguko ordutegia estreinatuko du, hain zuzen ere, azaroaren 1ean. Eta Domu Santu egun horretan Herribusa kanposantura hurbilduko da, Arantzazura doala, hau da, herrigunetik gora abiatzen diren zerbitzuetan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!