Oñatiko udala

Herribusa kanposantu atariraino joango da domekan

2020/10/28
Card image cap
Bidaiariak postetxe aurrealdean hartu eta Arantzazurantz doanean kanposantura sartuko da

  Iaz hala egin zen Domu Santu egunez, eta zerbitzuak izan zuen harrera ona ikusita domekan errepikatzea erabaki dute udal arduradunek. Kontuan hartu behar da dena den, domekan neguko ordutegi berria indarrean sartuko dela Oñati-Arantzazu autobus zerbitzuan eta, ahal den neurrian, kanposanturako bisitak asteko beste egunetan egitea gomendatu dela, jende pilaketak saiheste aldera.

  Oñati eta Arantzazu arteko autobusaren ordutegia moldatu egingo da eta zerbitzua lehenago amaituko da. Arantzazura joateko azken autobusa 17:30tan irtengo da eta Arantzazutik berriz, 18:00tan. Udako ordutegian ordubete beranduago izaten dira azken zerbitzu horiek. Goizeko lehenak berriz, bere horretan mantenduko dira, 7:30tan herri gunean eta 8:00tan Arantzazun. Azaroaren 1arekin sartzen da indarrean Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuaren neguko ordutegia eta martxoko azken domekara arte luzatuko da.

  Domeka honetan, Domu Santu egunean alegia, Oñati-Arantzazu zerbitzuak kanposantura sartuko denaren berezitasuna dauka. Baina hilerrira bisitak laburrak egitea gomendatzen da eta, ahal den neurrian, domeka aurretik edo ondorengo egunetan egitea. Hilerriko aforo edo edukiera mugatuta dago une honetan, beste leku publikoetan bezala. Gehienez 358 lagunek sartu ahal izango dute aldi berean eta hori zaintzeko udal langile bat izango atarian igandean. Sarrera eta irteera lekuak ere berezitu egingo dira.

  Domu Santu egunean eta aurrekoetan hilerrira jende asko joaten dela jakinik, lapurrak ere hurbiltzen dira. Poltsa edota bestelakoak kendu dizkietenaren salaketak ugaldu egin ohi dira aste honetan. Asko hilobiak garbitu edo loreak uztera sartzen dira eta autoetan edo hilerrian bertan poltsak eta bestelakoak zaintzarik gabe uzten dituzte. Minutu gutxi batzuk nahikoak dira bueltan ez topatzeko. Poltsak eta bestelako osagarriak begi bistan ez uzteko gomendioa ematen duten ohartarazpenak jarri ziren atzo hilerri inguruan. Udaltzainek gainera, bertako zaintza areagotu egingo dute aste osoan zehar.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!