Oñatiko udala

KALEAN udako kultur egitaraua gertu dago

2022/06/20
Card image cap
Musika izango da osagai nagusia baina kale antzerkiaz osatuko da

  Udako arratsalde-ilunkaretan jendea kalera ateratzeko aitzaki aparta bilakatzen da Kalean programa. Horren ohikoak ez diren herriko txoko ezberdinei indarra emanez, Santa Lutziako ermita, plazako pilotalekua, Lazarragako lorategia, San Lorentzo auzoa edo Bidebarrieta auzora zabalduko da aurten ere. Kultura kalera ateratzea du helburu egitasmo honek eta aire libreko ekitaldiak lehenesten dira.

  Publiko guztietara bideratutako ekitaldiak antolatu dira aurtengo programan eta musikak pisu berezia hartu du baina bi kale ikuskizun ere tartekatu dira. Eta herritarrak ikusle edo entzule ez ezik, protagonista izango dira lehen bi ekitalditan. Hala, etzi asteazkenez, Musika eskolakoen ikasturte amaierako kontzertua izango da Lazarraga lorategian, 18:00tan, eta uztailaren 1ean, Ganbara eta Hots abesbatzek, Basoaren hotsa muntaia eskainiko dute Santa Lutzia ermitan, 22:00etan.

  Ondoren programatu diren ekitaldi guztiak, 19:00tan hasiko dira. Uztailean bertan, 6an, FRONTONA ikuskizuna izango da plaza ondoko pilotalekuan, 13an Bidaide talderaen kontzertua Lazarraga lorategian, 20an, Alarma Morea, San Lorentzoko ermita aurrealdean, eta 27an, OMAGOren emanaldia, hau ere, Lazarraga lorategian.

  Abuztuan etena izaten du Kalean egitarauak eta azken ekitaldia, iraileko lehen domekan izan ohi da, eta aurten ere hala egingo da, Bidebarrietako jaixen baitan. Trapu zaharra taldearen eskutik TURISTREATZEN kale antzerkia eskainiko da Errementari plazan.

  Kalean programazioa, uztaila-abuztuan nahikoa hankamotz geratzen zen herriko kultur eskaintza osatzeko asmoz abiarazi zen. Gaztelekuaren ekimena zena, herriko eragileen eta beste udal departamentu batzuen ekarpenez aberastuz joan da. Egitaraua urtez urte borobildu da eta kanpotik datozen artisten emanaldiak herritarren ikuskizunekin osatuz joan dira eta aurten ere hala egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!