Oñatiko udala

Jose de Azpiazu musika eskolako 56 ikasle eta irakasle Cambrilsera joango dira apirilaren 8tik 10era

2022/03/29
Card image cap
Pandemiak etendako asteburu-irteerak berreskuratuko dituzte eta Saloutik ondoko Cambrilsera egingo dute salto

  Jose de Azpiazu musika eskolako talde ezberdinak hiru aldiz joan dira Saloura, aurreko ikasturteetan; hasieran bertako musika eskolakoekin elkartrukea osatuz eta beraien kabuz, ondoren. Baina Covid-19 pandemiak dinamika hori apurtu zuen, justu 2020ko irteera prestatzen ari zirela, eta bi urteko etenaren ondoren, Cambrils herrira bidaiatuko dute apirileko bigarren asteburuan, 8tik 10era. Kasu honetan ere Cambrilseko musika eskolarekin harremanetan, eta haien laguntzaz, osatu dute kontzertu egitaraua. Izan ere, bi emanaldi eskainiko baitituzte Cambrils-eko Pinaret eta Arrantzaleen parkeetan, apirilaren 8an eta 10ean.

  49 ikasle eta 7 irakaslek egingo dute Kataluniarako bidaia hori. 2019an hasitako bideari jarraipena emanez, musika eskolako ikasleei parte hartzeko gonbidapen orokorra egin zaie eta musika tresna barietate handia erakutsiko da Cambrilsen: txistu taldeak, piano-joleak, akordeoi taldeak, triki-konbo taldeak eta triki-pandero taldeak arituko dira, baina tartean izango dira baita ere, gitarra, zeharkako txirula, perkusioa, klarinetea edota tronboia joko duten ikasleak.

  Apirilaren 8an, goizean, Oñatitik abiatuta Cambrilsera bazkaltzeko iritsiko dira eta deskantsurako tarte txiki bat hartuta, 18:00tan kontzertua eskainiko dute Pinaret parkean. Larunbata Port Aventuran emango dute oñatiarrek eta domekan, itzulerako bidaiari ekin aurretik, bigarren kontzertua eskainiko dute Arrantzazleen parkean, 12:00tan. Cambrilsetik 14:00ak aldera irtengo dira, iluntzerako Oñatira iristeko.

  Cambrilseko udala eta bertako Escola municipal de musicaren laguntza dute Jose de Azpiazu musika eskolako kideek Kataluniara egingo duten bidaia honetan, bereziki Cambrilsen eskainiko dituzten kontzertuetarako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!