Oñatiko udala

Iramira eta D’Or estetikak "Singular Denda" errekonozimendua jaso dute

2021/06/16
Card image cap
Singular dendak errekonozimendua jaso berri dute Iramirak eta D'Or estetikak
Hamar dira jada izendapen berezi hori duten Oñatiko komertzioak

  Gipuzkoa Merkatariak Federazioaren urteko batzarraren baitan ezagutarazi ziren Singular denda berriak, Donostiako Tabakaleran, atzo. 26 denda izendatu ziren, tartean, Oñatiko bi: Iramira eta D’Or estetika.

  Tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da Singular dendak egitasmoaren helburua. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.

  Singular dendak programa Gipuzkoako merkatari elkarteak sortu zuen 2014an eta hiru urte beranduago Debagoienera zabaldu zuen, Oñatiko eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Herriko komertzioek programa ezberdinetan parte hartu dute eta dagoeneko hamarrek lortu dute Singular denda errekonozimendua: Maibi dekorazioak, Arkauz optikak, Chic jantzi dendak eta Amalur belar dendak 2018an lortu zuten zigilua; 2019an Andrea Azkoaga Interioristak eta Candeluka jantzi dendak, iaz Oñabike eta Trikitx dendek eta atzo berriz, Iramirak eta D’Or estetikak.

  Orain arteko lanari segida eman asmoz, Udalak Gipuzkoako Merkatari Elkartearekin lankidetzan jarraitzea erabaki zuen apirilean. Hala, Singular dendak programa babesteko 3.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin du aurten. Udalaren babes hori ere islatu zen atzoko errekonozimendu ekitaldian, Sozioekonomiako batzordeburu Xabier Igartua Tabakaleran egon baitzen.

  Singular dendak ekimenaren baitan hiru lan ildo jorratuko dira aurten Oñatin: formakuntza eta aholkularitza Singular dendak izan nahi duten herriko komertzioei zuzenduta, jada bereizgarria dutenei hobetzen jarraitzeko proposamenak eta bereizgarria herrian ezagutzera emateko ekintzak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!