Ia 95.000 euro banatuko ditu Udalak kultur proiektu eta programak gauzatu nahiz kultur sormen lanak egiteko

2023/03/28
Card image cap
Oñatiko Laburmetraien Rallyak Kultura departamentuaren dirulaguntza jaso zuen iaz
Dirulaguntzak eskatzeko epea apirilaren 24an amaituko da

  Udaleko Kultura departamentuaren dirulaguntzen deialdian bi laguntza lerro biltzen dira: kultur proiektuak eta programak gauzatzeko 77.000 euroko diru poltsa izango da batetik, eta Oñatin, irabazi asmorik gabeko taldeek garatuko dituzten kultur sormen lanak egiteko 17.600 euroko beste poltsa bat izango da. Bi diru partidak handitu egin dira aurten, guztira, 8.600 euro jasoz.

  Kultur proiektu eta programak gauzatzeko dirulaguntzak, kultur arloko ekintza bat edo programazio oso bat antolatzen duten talde eta erakundeek eskatu ditzakete. Beti ere proiektua Oñatin gauzatzen bada. Ez dira kontutan hartuko udalaren beste dirulaguntzaren bat eskuratzen duten ekintzak. Dirulaguntza honen eskatzaileek, dagokien eskaera orri orokorrari, proposatutako ekintza edo ekintzei buruzko fitxak erantsi beharko dizkiote eta baita nortasun agiriaren kopia edota identifikazio fiskalaren kodearen kopia ere. Eskariak baloratzerakoan, proposatutako programaren ezaugarriak, eskaera egin duen erakundearen ibilbidea eta ezaugarriak eta dituen finantza baliabideak hartuko dira kontuan.

  Kultur sormen lanetarako dirulaguntzen deialdia berriz, Oñatiko sortzaileei zuzenduta dago, talde eskatzailearen erdiak edo banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egon beharko baitute. Dirulaguntza hauekin musikagileen maketen grabazio eta edizioa, komiki, fanzine edo bestelako kultur argitalpenen edizioa, antzezlan edo ikus-entzunezko lanen produkzioak edota bestelako sorkuntza formatu gauzatzea babestuko da. Dirulaguntza hauek banatzerakoan, herriko giza zein kultura ondareari egiten dion ekarpena, talde edo eragile ezberdinen arteko elkarlana, euskararen erabilpena sustatzea, genero ikuspegia txertatzea, taldearen egonkortasuna eta argitalpenaren kalitatea, kopurua eta aurrekontua hartuko dira gogoan, besteak beste.

  Kasu guztietan, proiektuak diruz babestea erabakitzen denean, dirulaguntzaren % 60a ordainduko da. Eta gainontzekoa, egindako lanaren likidazioa aurkezten denean. Oñatin kultur proiektuak eta programak gauzatzeko nahiz oñatiarrek kultur sormen lanak egiteko dirulaguntza hauetarako eskaerak elektronikoki egin behar dira, www.oñati.eus webgunearen bidez, apirilaren 24a bitartean.

  Iaz, 31 elkarte eta kolektibo izan ziren dirulaguntza hauen onuradun, eta beste hainbat lagundu ziren espazioak edo baliabide materialak utziz, aholkularitza eskainiz eta abar. Sormen dirulaguntzei dagokionean hainbat diskok, liburuk, laburmetraia eta antzerki lanek jaso zuten udalaren laguntza.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!