Oñatiko udala

Ia 91.000 euro banatuko ditu udalak herriko ikastetxe eta guraso elkarteen artean

2019/05/22
Card image cap
Onartu berri diren dirulaguntzen % 60a ordainduko da orain

  0 eta 18 urte bitarteko hezkuntza mailan diharduten herriko ikastetxeak dira udalaren dirulaguntza jasotzen dutenak.  Eskaera bostek egin dute aurten: Zuazola-Larraña institutuak, Elkar Hezik, Urgain-Errekalde herri eskolak, Txiki txoko haurreskolak eta Txantxiku ikastolak. Guztien artean, 2018-2019 ikasturtean, 80.273 euro banatzea onartu berri du gobernu taldeak. Ikastetxeek aurkeztu eta onartu diren dirulaguntzen % 60a ordainduko da orain, 48.000 euro pasa.

  Guraso elkarteei dagokienean, Zuazola-Larraña, Elkar Hezi, Urgain-Errekalde herri eskola eta Txantxiku ikastolako guraso elkarteek jasoko dute udalaren dirulaguntza. Guztira 10.383 euro banatzea onartu da, lehen ordainketa honetan, 6.000 euro pasa izango da.

  2017ko otsailean onartu ziren herriko ikastetxeei eta bertan diharduten guraso elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzen oinarri arautzaileak. Herriko ikastetxeek eta guraso elkarteek jarduera akademikotik kanpo heziketan osagarriak diren ekimenak biltzen dituzten proiektuak aurkeztu behar dituzte udal dirulaguntzetara.

  Jaso diren egitasmoei batzordeak adostutako irizpideak aplikatu zaizkie, hau da, ikasle kopurua, ekintza programa eta hizkuntza normalizazioa atalei dagozkienak. Baina aurrekontutan dagoen diru poltsa nabarmen gainditzen zenez, ikasleko ematen den diru kopurua mugatu behar izan da eta ikasleko 11 euroko dirulaguntza ezarri da.

  Orain, onartu den diru-laguntzaren % 60a emango zaie ikastetxe eta guraso elkarteei, esan bezala, eta gainontzekoa, fakturen bidez egiaztatuko den likidazioa egiterakoan. 2018-2019 ikasturteari dagokion kontu kitatzea, irailaren 30a baino lehen egin beharko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!