Herriko jaiak antolatzen hasi da Kultura departamentua

Udaleko Kultura departamentua hasi da San Migel eta Errosarixo jaiak antolatzen. Herritarren partaidetza nahi eta behar da eta herriko jaiak antolatzeko bilera irekia egingo da datorren asteazkenean, hilaren 29an, 18:30tan, kultur etxean. Jaietarako ekitaldi ideia edo proposamenen bat duten herriko eragile guztiak gonbidatzen dira jai batzordearen bilera horretara. Baita, antolatu gabe ere, laguntzeko prest dauden guztiei.
Jai egitarauan leku berezia hartzen du Herri egunak. Aurten, urriaren 1ean ospatuko da, ondo bidean, eta egun horretan taloen taberna kudeatzeko eta herri bazkaria zerbitzatzeko interesa duten taldeei, izena emateko deialdia zabaldu du Udalak.
Herri Eguneko talo-tabernaren kudeaketa hartzen duen taldearen ardurakoa izango da tabernaren horniketa eta ustiaketa osoa. Lortutako irabaziak ondorioz, taldearentzat izango dira. Herri eguneko bazkaria zerbitzatzen dutenek, bestalde, aurrez, mahaiak atontzeko ardura ere hartu beharko dute. Horregatik, 13:00etarako kiroldegi aurrean egoteko konpromisoa eskatzen zaie. Taldearen partaide kopurua finkatzen du kultura departamentuak zabaldu duen oharrak, lanari behar bezala erantzun ahal izateko, 40 laguneko taldea izan beharko dela zehaztuz.
Aipatu deialdietan parte hartzeko Kultur etxeko idazkaritzarekin harremanetan jarri behar da, honako bideak erabiliz: telefonoa, 943 780 353 zenbakira deituta edo posta elektronikoz, mezuak, kultura.idazkaritza@onati.eus helbidera bidaliz.
Eskaerak egiteko epea, uztailaren 5ean amaituko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!