Oñatiko udala

Herribusa Usakora iritsiko da astelehenetik aurrera, bainu denboraldiarekin bat eginez

2021/06/11
Card image cap
16:00tan eta 19:30tan Ugarkaldetik irteten diren autobusak Usakoraino iritsiko dira

  Herribusa Usakora egunean birritan joango da ekainaren 14tik uztailaren 30a arte eta abuztuaren 23tik irailaren 11ra arte, beti ere astelehenetik ostiralera. Tartean, abuztuko lehen hiru asteetan, Herribusaren zerbitzua goizera murriztuko da, urtero bezala, eta ondorioz, Usakorako zerbitzu-luzapena ez da eskainiko. Herribusaren zerbitzu berezi hau Usakoko bainu denboraldiarekin bat eginda eskainiko da. Izan ere, Usakon bihar hasiko baita bainu denboraldia.

  Usakoko ura hotza dago, 10ºC-tan, asteartean putzua garbitzen egon ziren urpekarien esanetan. Zapatilak, jostailuak eta arriskutsua zen alanbre luze bat atera zituzten putzutik, besteak beste. Uraren kalitate onaren adierazgarri diren kangreju eta bestelako arraintxoak ikusi omen zituzten. Baina Osasun Sailak ere uraren analitikak egin ohi ditu eta jaso den azkenaren arabera Usakoko uraren kalitateak bainua baimentzen du.

  Covid-19ak baldintzatutako bigarren uda honetan bi sorosle eta zaintzaile-hezitzaile bat izango dira Usakon. Gainera, seinalitika berezia jarri da Covid-19a prebenitzako gomendio higieniko-sanitarioekin: eskuak sarritan garbitu, segurtasun tartea utzi eta musukoaren derrigortasuna. Bainu eramuan 30 lagun egon ahal izango dira batera eta jendea pilatzen bada, ordu laurdeneko txandak egingo dituzte. Beheko eremuan ezingo da toallarik jarri eta goialdean utzi beharko dira.

  Ohiko seinaleetan, eta aurten ere jarri diren arau orokorretan beste gomendio eta debeku batzuk jaso dira: gainerako erabiltzaileak eta ingurunea errespetatzea; aisialdi-gunea, erreka eta bideak ez zikintzea; txakurrak lotuta eramatea, arriskutsu gisa katalogatutakoak muturrekoa jarrita ere eramatea eta noski, bainu putzuan ez sartzea eskatzen da. Gainera, sua egitea, kanpin dendak jartzea, ehizan edo arrantzan egitea, motodun ibilgailuak aisialdi-gunean erabiltzea eta bizikletak bainu putzura eta belardira sartzea debekatuta dagoela ere zehazten da seinaleetan. Aipatu neurri eta arau horiek guztiak betetzen direla bermatzeko bi sorosle eta zaintzaile bat izango da aurten ere Usakon. Gunea, arratsaldeko 15:00tatik 21:00tara zainduko da.

  Udaltzainak eta ertzainak ere inguruan ibiliko dira trafikoa zaintzen. Ggogoratu debekatuta dagoela Zuazola zubian eta Olateko errepide bazterrean aparkatzea. Alternatiba moduan, aparkalekua egokituko da 2019an egin zen bezala, errepide ondoko zelai batean.

  Bihar abiaraziko den Usakoko bainu denboraldia irailaren 12ra arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!