Goxara enpresari esleitu zaio etxez etxeko laguntza zerbitzua

2022/09/20
Card image cap
Urriaren 1ean hasiko da Oñatin zerbitzua ematen

  Orain 15 egun sinatu zen esleipen kontratua eta urriarekin hasiko da Goxara enpresa etxez etxeko laguntza zerbitzua gurean eskaintzen, lehendik Oñatiko etxeetan lanean ari ziren eta subrogazioan hartu diren langileak ezagutu eta zerbitzua prestatu eta koordinatzeko bilerak eginda ondoren.

  Lau enpresa aurkeztu ziren lizitazio deialdira eta aurkeztutako txosten teknikoak eta eskaintza ekonomikoak baloratu ondoren, esleipena, Goxara enpresaren alde egitea erabaki du Udalak, esan bezala. Egoitza Beasainen duen Goxara enpresak Matia Fundazioan parte hartzen du.

  2022ari geratzen zaizkion hiru hilabetetan 7.000 lan ordu beteko ditu Goxara enpresak Oñatin eta 196.000 euro jasoko ditu ordainetan. 2023an berriz, 28.500 lanordu betetzea aurreikusten da, 865.830 eurotan. Kopuru horiei BEZa batu behar zaie. Hasiera batetan bi urterako kontratua sinatu da baina beste bi urtez luzatzeko aukera jaso da.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Egun 77 bat herritar eta familia dira etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutenak eta horretan lanean berriz, 30-33 langile ari dira, beharraren arabera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!