Oñatiko udala

Gomiztegi Kooperatiba elkarteak Hazinnova programan parte hartu du

2021/10/26
Card image cap
Hazinnova jardunaldia Azpeitian
Produktu eta negozio prozesuetan berrikuntza sustatzeko neurriak ezarri eta merkatu-kokapena hobetzeko aholkularitza ematean datza Hazinnova

  SPRI taldeak eta Innobasquek, berrikuntzaren euskal agentziak, kudeatzen dute Hazinnova programa. Berrikuntzaren alde urratsak eman nahi dituzten enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago eta oinarrian, doako aholkularitza espezializatua eskaintzen du enpresen produktuan eta negozio prozesuetan hobekuntzak txertatzeko, izan fabrikazio fasean, logistikan, merkaturatzean edo administrazio-finantza arloan hobetzeko.

  Debagoieneko mankomunitateak aktiboki parte hartu du programan eta eskualdeko industria arloko 10 enpresek jaso dute Hazinnova aitortza, prozesua burutu ondoren. 10 enpresa txiki edo tailer horietatik sei Bergaran daude, hiru Arrasaten eta bat Aretxabaletan. Baina elikadura arloko bailarako beste bi enpresek ere jaso dute Hazinnova errekonozimendua, kasu honetan Elikaduraren Clusterrak bideratuta: Arantzazuko Gomiztegi Kooperatiba elkarteak eta Eskoriatzako Pates Zubiak. Hauek beraien produktuen ezaugarrietara egokitutako aholkularitza jaso dute, industria arloan dihardutenen antzera, produktua eta negozio prozesuetan berrikuntza neurriak inplementatu eta merkatu kokapena hobetzeko helburuz.

  Debagoiena, Debabarrena, Urola Erdia eta Urola-Kosta eskualdetako 48 enpresek jaso berri dute Hazinnova akreditazio edo agiria, Azpeitian egin den jardunaldian.

  Hazinnova programak 2,4 milioi euroko aurrekontua du. Berrikuntza ez-teknologikoan espezializatutako aholkularitza eskaintzen die berrikuntzaren aldeko mikroproiektuak dituzten enpresa txiki eta ertainei. Hazinnovaren bigarren edizioan parte hartzeko deialdia zabalik dago, abenduaren 2ra arte. Informazio gehiagorako Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziara jo daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!