Gomiztegi baserriaren egunerokoa ikusgai "Ongi etorri baserrira" ekimenaren baitan

ENBA sindikatuak 2014an abiarazitako ekimena da Ongi etorri baserrira!. Pandemiak ekarritako etenaren ondoren berriro ekin zitzaion eskaintzari iaz, eta dagoeneko zortzigarren aldiz egingo da, uztailaren 7an eta 8an. Hasieran Gipuzkoako baserritako ateak ireki ziren eta eskaintza Bizkaiko beste hainbatekin osatuz joan da. Aurten, guztira, 25 baserri bertatik bertara ezagutu ahal izango dira; 25 baserri, 25 familia eta beste horrenbeste nekazal ustialeku. Izan ere, egitasmoak, hainbat helburu ditu: landa-guneari balorea eman, barnealdeko zonaldeko turismoa sustatu eta herri gastronomia goratu. Baserritarrek kalitatezko produktuak sortzeaz gain, ingurumena eta paisaia zaintzen duten subjektu aktiboak direla ezagutzera eman eta gizarteratu nahi da.
Gomiztegi baserriak egitasmo honetan parte hartuko du beste behin. Egitasmoaren beteranoetako bat da Gomiztegi, orain 9 urte, ekimena martxan jarri zuten 8 baserrietako bat izan baitzen eta urtero bertako ateak bisitariei ireki baitizkie, bertatik bertara ezagutu dezaten. Uztailaren 8an izango da Gomiztegi bisitatzeko aukera. Aurten ezagutu daitezkeen 25baserrietako bakoitzak bere berezitasuna du, Gomiztegin, artaldea eta gazta ekoizpena dute baina eskaintzan, haragitarako zein esnetarako behiak, barazkiak eta shitake perretxikoak, txakolina, erlezaintza edota sagarrak eta sagardoa ekoizten dutenak ezagutu daitezke, besteak beste.
Ongi etorri baserrira! ate ireki jarduna doan izango da eta baserriaren arabera, uztailaren 7an edo 8an egin ahal izango da. Zenbait bisita euskaraz soilik egin ahal izango dira. Jarduera 11:00tatik 14:00tara egingo da eta zenbait bisitetan, elkarrengandik hurbil dauden bi baserri ezagutzeko aukera ere eskaintzen da.
Baserriak ezagutu nahi dituzten banakako, familia edo taldeek izena aurrez eman behar dute. Horretarako epea zabalik dago, uztailaren 4ra arte. Hala ere, zenbait talde dagoeneko bete dira. Izen-ematea internet bidez egin behar da: www.ongietorribaserrira.eus atarian sartuz. Zenbait bisita bete dira jada.
Baserriak bertatik bertara ezagutzeko aukera hau zabaltzeko argazkiak atera eta bidaltzea eskatzen da eta hala egiten duten guztien artean, nekazalturismo batean bi eguneko egonaldia zozkatuko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!